Gipuzkoako Ogasunak 294 milioi euroko zerga iruzurra atzeman du 2009an

Herritarrek 210 salaketa aurkeztu dituzte, urritik otsailera, iruzurren aurkako zerbitzuan

Erredakzioa
Donostia
2010eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Pello Gonzalez Ogasun diputatuak Batzar Nagusietan azaldu duenez, zerga iruzurrak salatzera bultzatzeko Gipuzkoako Ogasunak iaz abiatutako kanpainak «pozik egoteko moduko» emaitzak izan ditu. Iazko urritik aurtengo otsailera, herritarrek 210 salaketa egin dituzte, eta 158 onartu dira. Horietatik 26 artxibatu eta sei beste administrazio batzuen esku jarri ditu erakundeak. Gonzalezek zehaztu du beste hogei alokairuen inguruko salaketak izan direla.

Zerga iruzurra atzemateko jarduerei esker, Gipuzkoako Ogasunak 294,3 milioi euro azalerazi ditu 2009an: 137,5 milioi balio erantsiaren gaineko zergari (BEZ) dagozkio; 69,3 pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ); 39,6 milioi sozietate zergari eta 20,9 milioi beste zergei.

Gipuzkoako Ogasunak 3.427 milioi euro bildu zituen iaz zerga bidez. Hortaz, atzemandako iruzurra bilketa osoaren %6,8 izan da. Iruzurraren %70 berehala jaso ahal izan du Ogasunak.

Ikerketen artean, 38,2 milioi euroko balioa duten 24 jarduera zerga delitu direla nabarmendu du diputatuak. Dagoeneko, epaileen esku jarri dituzte bide penaletik. Iaz, edonola ere, aurreko urtean baino kopuru txikiagoa atzeman dute. 2008an 335,7 milioi euro azalerazi zituzten, baina orduan, sozietate zergaren gaineko hiru kasu «erraldoi» aurkitu zituzten.

Iruzurraren aurkako neurriak

Ogasunak zerga iruzurraren kontra hainbat neurri sustatu ditu: notarioen elkargoarekin informazioa trukatzeko ituna, ikerketarako langile gehiago jarri eta herritarren salaketak jasotzeko zerbitzua. Salaketak egiteko lau bide eskaintzen dituzte iaztik: webgunea, posta elektronikoa, telefonoa eta Ogasunaren egoitza bera. Gehien erabilitakoak, orain arte, Internet eta telefonoa izan dira.

Aurtengo kanpainari begira, iruzurraren aurkako egitasmoak iragarri ditu Gonzalezek. Garrantzitsuena izango da 3.000 eurotik gorako finantza eragiketa guztiak ikuskatzeko dekretuak onartzea. Ezarpen, funtsa zein bestelako ordainketak, kobratzeak eta bestelako eragiketak banan-banan aztertuko dituzte.



Banku eragiketak

3.000

Dekretu berria. Gipuzkoako Ogasunak onartu nahi dituen bi dekretuei esker, lurraldean eginiko 3.000 eurotik gorako finantza eragiketa guztiak ikuskatu ahal izango dituzte, zerga iruzurraren aurka borrokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.