Zergak

Gipuzkoako Ogasunak 318,5 milioi itzuliko ditu errenta aitorpenean

Apirilaren 13an hasi eta ekainaren 25ean amaituko da errenta zergaren kanpaina eta aberastasunaren zergarena. Ogasunak espero du 59 milioi bilduko direla fortuna handien zergari esker.

xabier martin
2015eko martxoaren 31
13:40
Entzun

Gipuzkoako Ogasunak 290.000 aitorpen negatibo espero ditu aurten 2014ko errenta zergaren kitapenean; kopuru osoaren %76,3 itzultzekoak lirateke, batez beste 1.098 euro zerga ordaintzaile bakoitzari. Guztira 318,5 milioi euro itzuliko ditu Ogasunak aurreikuspenak betetzen badira, aurreko urtean baino 13,5 gehiago. 90.000 aitorpen espero ditu, berriz, ordaintzekoak, batez beste 1.722 eurorenak. Guztira 155 milioi euro bilduko luke 2014ko errenta aitorpenean, aurreko urtean baino zazpi milioi gehiago. Guztira 163,5 milioi euroko saldo negatiboa izango duela uste du Ogasunak, aurreko kanpainan baino sei milioi handiagoa.

Gaur bertan ikusi ahal izango dute zerga ordaintzaileek, Internet bidez, Ogasunak autolikidazio proposamena egin dien ala ez. 238.811 proposamen prestatu dituzte orotara, 174.097 itzultzekoak eta 64.714 ordaintzekoak. Iaz baino 1.863 proposamen gehiago landu dituzte, eta horiek denek 290.550 zergaduni eragingo die, aitorpen guztien %62,8ri. Apirilaren 7tik aurrera hasiko dira etxean jasotzen proposamen horiek. Isidro Esnaola zerga heziketako zuzendariaren arabera, mugara iritsi dira autolikidazio proposamenen kopuruan.

Hala, 215.000 kitapen proposamenen bidez egingo direla uste du Ogasunak, 75.000 mekanizatuaren bidez, eta 84.000 Internet bidez. Guztira, 380.000 kitapen egingo dira, aurrekoan baino 6.000 gehiago. 290.000 itzultzekoak izango dira (negatiboak) eta 90.000 ordaintzekoak.

Aberastasunaren zerga

Fortuna handien zerga kitatzeko modu bakarra egongo da, Internet bidez. Ogasunak 8.000 aitorpen espero ditu zerga hau pagatuko den bigarren urtean, aurrekoan baino 150 bat gehiago. Zergadunek batez beste 7.375 euro pagatuko dituzte, eta denera 59 milioi biltzea espero du Ogasuneko zuzendari Xabier Olanok, iaz baino bi milioi gehiago. Olanok esan du "aurki" uztiko duela kargua, eta "buru-belarri" sartuko dela kanpainan EH Bildu koalizioaren ahaldungai nagusi gisa lanean hasteko. "Luze gabe" horren berri emateko agerraldia antolatuko dutela ere zehaztu du.

Arabako Foru Aldundiak berriki aurkeztu du errenta kanpaina. Dirua 48 orduan bueltatzeko konpromisoa hartu du ogasunak; zergapekoei 133 milioi itzultzea aurreikusi du, eta 52 milioi kobratu. Araban 175.000 errenta aitorpen egingo dira aurten. Aldundiak 120.000 errenta aitorpen egin ditu aurrez, eta haiek bidaliko dizkie etxera zergapekoei. Egindako kalkuluarekin ados egonez gero, telefono edo Internet bidez baieztatu, eta, ogasunak dirua itzuli behar duen kasuetan, 48 ordu baino lehen kobratuko du zergapekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.