Bizkaiko Foru Aldundiak ustekabe ona eman zuen iragan astean, abuztura bitarte zergetatik iaz baino diru gehiago bildu zuela esanda. Gipuzkoan ez da halakorik gertatu. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, abuztuan ere uztailera arteko joerari eutsi dio zerga bilketak. Hala, urteko lehen zortzi hilabeteetan 2,1 milioi euro bildu ditu Ogasun eta Finantza Departamentuak, iaz garai berean baino %4,1 gutxiago —uztailera bitarte, %3,5ekoa izan zen jaitsiera—.
Sozietateen gaineko zergan Gipuzkoako Ogasunak iaz baino %2,9 gehiago bildu du abuztura bitarte. Hala ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergak izan du bilakaerarik onena, iaz baino %11,2 bildu baitu. Batez ere, lan etekinen atxikipenen bilakaera ona azpimarratu du diputazioak, %4,8ko hazkundea izan dutelako iaztik hona. Lan merkatua egonkortu delako eta gerorapenetatik eratorritako sarrerak handitu direlako jazo ei da hori. Dena dela, joerak moteltzera egin duela adierazi du.
Jaitsiera handiena, BEZean
Bilakaerarik txarrena, berriz, balio erantsiaren zergak (BEZ) izan du, %15,7 gutxiago bilduta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, ordea, jaitsiera horrek baditu bi zergati. Lehendabizikoa, uztailean Gipuzkoari 68,2 milioi euro jasotzea zegokiola BEZean eta zerga berezietan Espainiarekiko egindako doiketatik, baina Madrilek ez diola pagatu. Diputazioaren arabera, faktore horrek %3,0ko eragina izan du abuztura arteko zerga bilketan.
Bigarrena, berriz, Roverauziari dagokio. Iazko martxoan, Arabako Foru Aldundiak 296,8 milioi euroko aparteko diru sarrera bat izan zuen BEZean, Rover enpresak Erresuma Batutik inportatzen zituen autoen salmentari zegokion BEZa itzuli ziolako Espainiako Gobernuak. Horrek 97,8 milioi euroko diru sarrera gehigarria sortu zion Gipuzkoako Ogasunari. Aurten, aldiz, ez du aparteko beste diru sarrerarik izan; beraz, normala da bilketa jaistea. Faktore horrek %4,4ko eragina izan ei du abuztura arteko zerga bilketan.
Gipuzkoako ogasunak iaz baino %4,5 gutxiago bildu du abuztura arte
PFEZn %11,2 gehiago bildu du, eta sozietateen zergan %2,9; BEZean, aldiz, %15,7 gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu