Zuzenean gazteei mintzatu zaie Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia: "Gazteei itxaropen mezu bat helarazi nahi nieke, aukeraz betetakoa". Azaldu du Gipuzkoako enpresek 11.200 enplegu aukera eskainiko dituztela aurten, eta 30.000 datozen hiru urteetan.
Zehaztu du, gainera, enplegu horietan "prestatuta dauden pertsona kualifikatuak" beharko dituztela. 11.200 enplegu aukera horietatik %50 inguru erdi eta goi mailetako lanbide heziketako tituludunei dagozkie, %32 unibertsitateko graduei eta graduondokoei, eta %18 beste era bateko ikasketei. Lanbide heziketako erdi eta goi mailetako graduetan, gainera, hamarretik zazpi lau adarretan pilatuta daude: elektronikan, mantentze lanetan, mekanizazioan eta informatikan.
Gipuzkoako patronalak urteroko inkesta egin du enpresen artean, eta ondorioztatu du haien konfiantza maila inoizko handienean dagoela: %95ek uste dute haien merkatuak normaltasun egoeran edo susperraldian daudela. Adegik kalkulatu duenez, 2018an Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %2,8 eta %3 bitartean haziko da.
Inkestaren arabera, enpresen salmentak %4 handitu dira, enpresen %86k uste dute eskariak mantendu edo igo egingo dituztela, eta konpainien %99k langile kopuruari eutsiko diote edo handitu egingo dute. Hau da, bakarrik enpresen %1ek du asmoa lantaldea txikitzeko, inoiz Adegik inkestetan jasotako kopururik txikiena.
Eraikuntzako itunaz: "Real Madril bezala gaude"
Atzo Adegik, ELAk eta UGTk Gipuzkoako eraikuntza sektorean sinatutako akordioarako oinarriaz galdetuta, Aierzak esan du "garrantzi handia" ematen diola. "Honek erakusten duena da komunikazioa, elkarrizketa eta elkarlana dagoenean badaudela akordioak egiteko aukerak".
Azpimarratu du, halaber, inportantea dela akordioaren edukia, enpleguaren kalitatea bermatzen duela deritzolako: "Alde batetik, soldatak igotzen dira, batez ere apalenak; eta, bestetik, hitzarmen honek bermatzen du azpikontratek ere ituneko lan baldintzak aplikatuko dituztela".
Negoziazio kolektiboa ez atzera ez aurrera dagoen honetan horrelako akordio bat sinatzeaz poztu da partonala. Joan den astean hoteletako ituna sinatu zuten, eta atzo eraikuntzako itunerako akordio oinarria: "Real Madrid bezala gaude, Txapeldunen Liga irabazita eta garaipena ospatzen". Egindako lanarekin asetuta dago Aierza. Bere hitzetan, "erantzukizun ariketa bat" izan da hitzarmenak sinatzea, "alde guztien partetik".
Gibelalderen agurra
Patronalaren urteko batzarraren eta Enpresa Egunaren bezperan egin du prentsaurrekoa Adegik, Pello Gibelaldek gidatutako azkena, bihar kargua utziko baitu, sei urteko agintaldia eta gero. Eduardo Junkera izendatuko dute presidente. Junkera 1955ean jaioa da Durangon (Bizkaia), eta Egile Corporation XXLko sortzailea eta presidentea da, bai eta Elkargiko eta Hegan klusterreko presidenteordea ere.
Gibelaldek "lasai" doala azaldu du, "egindako lana eginda". 2012ko maiatzaren 24an hartu zuen Adegiko presidentetza, eta gogora ekarri du "momentu gogorra" zela. "Atzeraldian zeuden Europako herrialde gehienak, Espainia amildegi ertzean zegoen, egunero hitz egiten zen Espainiaren erreskateaz, eta Gipuzkoa ere ez zen irla bat izan, atzeraldian sartu zen 2012an". Egoera, sei urtean, beltzetik zurira igaro dela adierazi du, eta "gustura" doala, "beharrizanak beteta".