Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako zerga erreformak lehen tramitea gainditu du. Erreforma bi foru arau-proiektutan jaso du diputazioak, eta atzo Batzar Nagusiek atzera bota zituzten PPk biei aurkeztutako osoko zuzenketak. Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek PPren proposamenen kontra bozkatu zuten; EAJ, berriz, abstenitu egin zen.
Baina oraindik ezer ez dago erabakita, erreformak bihar igaro beharko baitu bigarren tramitea, Ogasun Batzordearen bileran. Gainontzeko alderdiek foru arau- proiektuei aurkeztu dizkieten zuzenketak eztabaidatuko eta bozkatuko dituzte han. Azken erabakia, berriz, abenduaren 23ko bileran hartuko du osoko bilkurak.
Bilduk badu erreforma aurrera aterako duen itxaropena. Baina, horretarako, ezinbestekoa du beste alderdi batzuen babesa, eta, oraingoz, Aralarrek bakarrik ziurtatu dio, nahiz eta aldaketak ez zaizkion nahikoa iruditzen. PSE-EErekin akordioa iristeko xehetasun tekniko batzuk lotzea baizik ez zitzaiela falta aurreratu zuen orain dela egun batzuk Helena Francok, Gipuzkoako Ogasun diputatuak (Bildu). Atzo, ordea, foru arau-proiektuei berak aurkeztutako zuzenketen gehiengoa onartzea jarri zuen baldintza gisa PSE-EEk, diputazioak egindako proposamena osatu beharra dagoela uste duelako.
EAJrekin dituen desadostasunak handiagoak dira, jeltzaleak hiru herrialdeen arteko harmonizazioari eustearen aldekoak direlako. PPrekin ados jartzeak, berriz, ezinezkoa dirudi.
«Txikia, baina garrantzitsua»
Ogasun Batzordearen biharko bileran zerga erreforma «txiki baina garrantzitsu» hori babesteko eskatu die Francok Batzar Nagusietako gainontzeko alderdiei. Haren esanetan, administrazio publikoek baliabideak behar dituzte goi mailako zerbitzuak eskaintzeko, berrikuntza bultzatzeko eta azpiegiturak eraikitzeko, «eta zergak dira biderik adierazgarriena». Lan errentetan oinarritzen den zerga sistema batekin, ordea, behar adina diru biltzea ezinezkoa dela dio, «batez ere, soldatak geroz eta txikiagoak direnean eta enplegua sortzeko gaitasunik ez dagoenean».
Hori horrela, behar-beharrezko deritzo zerga figura berriak garatzeari, «egungo sistema ez delako onargarria ez justizia sozialaren eta ez elkartasunaren ikuspuntutik». Egunotan eztabaidagai dituzten aldaketak hasiera baino ez direla esan du.
Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak zerga erreforma sakonak lantzen hasteko eskatu die hiru foru aldundiei. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, berriz, hiruren aurrekontu proiektuak kritikatu ditu, «murriztaileak eta moralaren kontrakoak» direlako.
Gipuzkoan aurrera doa zerga erreforma, baina azken baiezkorik ziurtatu gabe
Ogasun Batzordeak zuzenketak aztertuko ditu bihar; osoko bilkurak 23an hartuko du azken erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu