Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga kontuengatik enpresei jarritako isunen barkamenak beste fronte bat zabaldu du Bilduren gobernuaren eta oposizioko alderdien artean. Norgehiagoka horren ondorioz zigorra bertan behera uzteko hiru espediente blokeatuta daudela ziurtatu dualdundiak. Akordio politikorik ezean, hilabete batzuk egongo dira egoera horretan.
Ogasun departamentuak oposizioari egotzi dio espedienteak blokeatuta egotearen erantzukizuna. «Norberak jakingo du zein erantzukizun duen», adierazi zuten atzo Helena Franco Ogasun diputatuak eta Xabier Olano zuzendariak, Donostian.
Bildu eta oposizioko alderdiak ez daude ados zorrak barkatzeko eskumenaren inguruan. Oraintsu arte Ogasun diputatuari zegokion ardura, baina Bilduk uste du horrek «entxufismoa eta faboritismoa» bultza dezakeela, pertsona baten esku uzten duelako erabakia. Francok ez die irregulartasunik egotzi nahi izan aurreko aldundiko arduradunei —H1eko Pello Gonzalez zen ogasun diputatua—, baina sistemak praktika desegokietarako «aukera» ematen zuela nabarmendu du. Aurreko legegintzaldian isuna barkatu zitzaienen artean zegoen Reala, 6,4 milioi eurokoa hain zuzen ere.
Horregatik, joan den abenduan onartutako zerga erreformaren bidez Batzar Nagusien esku utzi zuten 6.000 eurotik gorako zorrak barkatzea. EAJk eta PSEk, ordea, uste dute batzarkideek ez dutela baliabide teknikorik halako espedienteei buruz erabakitzeko, eta sistema horrekin isunaren konfidentzialtasuna hautsiko litzatekeela ere argudiatu dute. Bi talde horiek eta PPk gehiengo osoa dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta trabatu egiten dute sistema berriaren araudia tramitatzea.
Olanok azaldu duenez, joan den legegintzaldian zorrak barkatzeko 132 espediente ireki ziren, eta horietatik erdiek egin zuten aurrera, 11 milioi euroko kostuarekin. Zorrak barkatzeko arrazoi nagusia enpresak arriskuan jartzea izan ohi da, baina Olanok auzitan jarri du argudio hori, espedienteen erdiak pertsona fisikoei zegozkielako.
Errenta kanpaina Araban
Astelehenetik aurrera Arabako 115.000 zergapekok errenta aitorpena kitatzeko proposamena jasoko dute etxean. Bidalketa horrekin abiatuko du Arabako Foru Aldundiak aurtengo errenta zergaren kanpaina. Guztira, 177.000 herritarrek aitorpena egin beharko dutela kalkulatu du ogasunak. Zergapekoen %77ri dirua itzuliko zaiela esan du aldundiak: 151 milioi euro izango dira, 1.098 euro zergapeko bakoitzeko. Aldiz, beste 35.000 zergapekok ordaindu egin beharko dute: 42 milioi euro inguru izango dira, 1.200 aitorpen bakoitzeko.
Etxean aitorpen proposamena jasotzen ez dutenek ohiko bideak erabili ahalko dituzte: Internet, ogasuneko bulegoak, finantza erakundeak edo gestoriak. Kanpaina apirilaren 2an hasiko da, eta ekainean amaituko da. Ogasuna apirilaren 20an hasiko da dirua itzultzen, eta ekainaren 28tik aurrera kobratuko ditu zorrak.
Kanpainaren berritasun nagusia Ondare Zer berriro indarrean egotea izango da. Aldundiak kalkulatu du 1.500 herritarrek ordaindu beharko dutela, eta 8,5 milioi biltzea espero du.
Gipuzkoan, hiru isun barkatu gabe utzi ditu eskumenari buruzko eztabaidak
Aurreko legegintzaldian 60tik gora zerga isun barkatu zituen Ogasun diputatuak, 11 milioi euroko kostuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu