LAN GATAZKA. NAVAL ONTZIOLA

Giroa zakartu eta liskarrak hasi dira langileen artean

Ia kolpeka bukatu dute protesta eguna, CCOO eta UGT langile guztien izenean bildu baitira PSE-EErekin

BILBO
2004ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Tentsioak gainez egin du Navalen. Ontziolako langileen arteko istiluak gertatu ziren atzo, aspaldiko partez. Manifestazioa egin zuten Bilboko kaleetan barrena, eta PSE-EEren egoitzaren aurrean elkarretaratu ziren gero. Protestaren joanean, alderdi horretako buruzagiekin bildu ziren CCOO eta UGT. Beharginen izenean bildu ere, ELA eta CAT aurka egon arren. Batzarra bukatu, kalera jaitsi eta lankide askok oihuka hartu zituzten sindikalistak: «Galbidera eramango gaituzue!». Elkarri kolkotik heldu eta zenbaitzuek ia mokoka bukatu zuten protesta.

Goiz-goizean berotu zen giroa. Sano, gainera. Ontziolan bildu ziren langileak eta kolpe batez berretsi zuten grebarako deia. Ordea, bazterrak nahastu zituen PSE-EEko arduradunekin biltzeko proposamenak. Navaleko UGT eta CCOOren asmoa gaitzetsi zuten langileen erdiak. Akordiorik egin ez, baina beharginak batuta joan ziren Bilbokomanifestaziora.Kale Nagusia zeharkatu zuten, geldiro-geldiro, eta PSE-EEk Errekalde Zumarkalean daukan egoitzaren aurrean elkarretaratu ziren. Gogo biziz oihukatzeari ekin zioten, berriro. Eta langileen arteko tirabirak sortu ziren, berriro. Izan ere, PSE-EEko arduradunekin bildu ziren CCOO eta UGTko ordezkari sindikalak, artean lankideak kalean zirela, protestan.Ordu erdi eman zuten bilduta. Batzarra bukatu eta ostera ere langileekin elkartu ziren sindikalistak. Langileen batzordeko presidente Miguel AngelAsporosa (UGT), besteak beste. Orduantxe gertatu ziren istilurik latzenak. «Ontziola itxi nahi dutenekin elkartzea» leporatu zioten ELA eta CATeko kideek. Giroa baretzen saiatu zen Asporosa. Nahi eta ezin. Gorriak ikusi zituen. Langileetako batek kolkotik heldu zion, eta ia belarrondokoa eman zion.Eztabaida sutsuak piztu ziren zenbait langileren artean. Penatuta zeuden guztiak ere. «Irudi eskasa eman dugu». Langileen batasunaren aldeko oihuak nagusitu ziren azkenik.

Asporosaren azalpenak

Eta Asporosak aukera izan zuen bileraren nondik norakoak azaltzeko. Langileei kontatu zien Espainiako Gobernua «buru-belarri» dabilela lan zama lortu guran: «PSE-EEk hitz eman digu Navalek zutik iraungo duela, eta beharrean hasiko garela laster». Labur hitz egin zuen, langileen artean ez baitzen giro. «SEPIk bi karga ontzi eraikitzeko kontratuak ostu nahi dizkio Santurtziko Zamakona ontziolari», salatu zuten langile batzuek.

Navaleko ELAko arduradun Emilio Urretak ere gogor gaitzetsi zuen PSOEren jarrera. « Navalek publikoa izaten jarraitu behar du. Akabo bestela». PSE-EErekin hitz egitea «ezdeusa» dela kritikatu zuen.Protesta amaitu eta PSE-EEk barealdia baliatu zuen bileraren testuinguruari buruz jarduteko. «Naval salbatuko du Zapaterok», azaldu zuen alderdiko bozeramale Rodolfo Aresek. Espainiako Gobernuak «lanak hartuko ditu industria plana sindikatuekin hitzartzeko». Aresek, dena den, sindikatu «jakin»batzuei eta Jaurlaritzari eskatu zien «gizartea ez aztoratzeko eta boto ehizan ez ibiltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.