Gizakiarengan fedea zuen apaiz enpresaburua

Irune Lasa.
ARRASATE
2005eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Nazioak haiei lotuta dauden gizakiek egiten dituzte eta lotura horretan dago memoria historikoa. Eta memoria historiko hori iraganeko pertsonek osatzen dute. Gutxi dira, nire ustez, Euskal Herriaren memorian Arizmendiarreak baino gehiago egotea merezi dutenak». Hitz horiekin goratu zuen Fernando Molinak Jose Maria Arizmendiarreta Arrasateko kooperatibismoarenbultzatzailea (1915-1976), mugimendu horren 50. urteurrena ospatzeko atzo iluntzean Arrasaten egindako ekitaldian.

Biografia egin duenez, Molinari egokitu zitzaion Arizmendiarreta «pertsona» gogoratzea. Langile amorratua zela esplikatu zuen, eta «mistifikazioetan erori gabe», Euskal Herriaren historian berebiziko garrantzia daukan pertsona dela azpimarratu zuen.Juan Mari Otaegi MCCko Kongresu Kooperatiboko presidenteak oroitarazi zion arrantzan erakutsi ziola, eta ospitalean hil aurretik esan ziona aipatu zuen: «Gure lehentasun berria izango da txertatzea auzo eta herri, herriak eta beste guztiak, aurrera beti!».Arizmendiarreta intelektualaz aritu zen Joxe Azurmendi filosofoa, El Hombre Cooperativo (Gizon Kooperatiboa) liburuaren egilea. Euskal Herriaren nortasuna «lanaren bitartez esplikatzeko» eginbeharra hartu zuen gizakitzat jo zuen Arizmendiarreta, eta Joxemiel Barandiaran antropologian eta Jorge Oteiza kulturan izan zuten garrantziaren pare jarri zituen. Arizmendiarretaz hitz egiterakoan ezkutatuta geratu diren hainbat atal gogorarazi nahi izan zituen Azurmendik, haren azken urteetan jasandako kritikak batik bat. Accion Catolican bere bidea egiten zuelako kritika gogorrak jaso zituen ezkerretik, eta gaur egun ere iritzi «kritikoegiak» egiten dizkiotela deitoratu zuen. Enpresaburuek ere «beldurrez» hartu zuten kooperatiben pizkundea, eta Elizak pulpitoetan egin zuen haren aurka. Jose Ignacio Telletxeak Arizmendiarreta apaizari buruz biografia egin du. «Gizakiarengan fedea zuen pertsona» zela nabarmendu zuen. Umorea ere bazuela erakusteko, haren beste esaldi bat gogora ekarri zuen: «Kooperatibismoak badauka akatsa, ez daukala patroirik hari zaunka egiteko».Ekitaldian izan ziren hainbat agintari, horien artean Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Joseba Azkarraga Lan eta Justizia sailburua, Esther Larrañaga Ingurumen sailburua, eta Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia.Ibarretxek «utopia bilatzailea» goratu zuen, eta MCCz hari zela, «euskal instituzioak asko harrotzen» dituen proiektua direla ziurtatu zuen. Lehendakariakbere egin zuen Arizmendiarretaren honako esaldia: «Bizitza injusto hau soilik merezi du bizitzea aldatzeko baldin bada». Jose Maria Ormaetxea Ulgorren fundatzaileetako bat eta Maria Arizmendiarreta kooperatiben bultzatzailearen arreba agurtu zituen.

Hainbat ospakizun

Atzokoa ez da izango 50. urteurrena ospatzeko MCCk egingo duen ekitaldi bakarra. Azaroaren 17an kooperatiba mugimenduaren sortzaileen ome-nezko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaal jauregian- Martxoaren 4ean, berriz, gaur egun taldea osatzen duten kooperatiba guztietako sortzaileak omenduko dituzte Arrasaten, lehenik mezarekin eta ondoren bazkariarekin. Maiatzaren 5ean, berriz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak Carmina Burana eskainiko dute Euskalduna jauregian, Bilbon.Fagorri buruzko liburua argitaratuko ere dute eta kooperatibismoaren omenezko monumentua inauguratuko dute, Arrasaten bertan.



Jose Maria Arizmendiarrieta, kooperatiben arima



Markinakoa izatez, Jose Maria Arizmendiarrieta (1915-1976) gerra ostean, 1941ean, iritsi zen Arrasatera, apaiz egin eta berehala. Kristau ikuspegitik, langileei mozkinetan eta kudeaketan parte hartzea ahalbidetuko zien erreforma egin nahi izan zuen eskualdeko enpresetan, (Union Cerrajeran). Enpresaburuak kontra, berak sortutako Lanbide eskolako bost ikasle ohik Ulgor kooperatiba sortuko dute. Besteak beste, garrantzi berezia hartuko zuen Euskadiko Kutxaren ideia ere Arizmendiarrietarena izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.