Ekonomia

Gizarte aldaketa eragiteko lekukoa hartu du Ainhoa Etxaidek LABen

Hamasei urteren ostean, idazkari nagusi kargua utzi du Rafa Diezek. Gaur bukatu dute Kongresua azken urteetan LABeko zuzendaritzan egon diren kideei egindako omenaldiarekin.

2008ko maiatzaren 23a
19:30
Entzun
Ainhoa Etxaide da atzotik LABeko idazkari nagusia, Rafa Diezen partez. Hamasei urte egin ditu honek kargu horretan. Hain zuzen, atzotik sindikatuaren VII. Biltzar Nagusian dihardute 500 biltzarkidek Barakaldon, BECen. Gaur bukatu dute biltzarra, eta omenaldia egin diete azken urteetan sindikatuko zuzendaritzako kideei.

LABeko zuzendaritza taldea osatzeko hautagaitzaren gainean bozkatu zuten gauean, eta aldeko 428 boto, kontrako 23 eta 22 abstentzio izan ziren. Etxaidek gaur hitz egin du lehen aldiz idazkari nagusi moduan. Aldaketa politiko eta soziala gerta daitezen saiatuko dela azaldu du. Hemendik aurrera sindikatuak izango duen funtzioa aktiboa eta erabakigarria izango dela adierazi du Ainhoa Etxaidek.

Diezek ez ezik, komite exekutiboa utzi dute aspalditik LABeko zuzendaritza taldean ibilitako askok. Helduenek, besteak beste, Txutxi Ariznabarreta Komunikazio arduradunak, belaunaldi berriei bide eman diete. Gaztetu egin da LAB. Sindikatuko buruzagitza, bederen. Gainera, gizon baino emakume gehiago egongo dira komite exekutiboan.

Aurpegi berri asko, bai, baina azken urteotako lan ildo bertsuak. LABek "oinarri sendoak" dauzkala, "batuta" dagoela, eta etengabe gora doala azpimarratu zuen atzo Diezek, idazkari nagusia kargua utzi osteko agerraldian. "Langile mugimendua egoera zailean dago. LABek ere ez ditu bete azken lau urteotan zeuzkan helburu eta nahi guztiak, baina pausoak eman ditugu langile eta herri moduan hobetzen joateko".

Aldaketa eragin gura du LABek. Arlo ekonomikoan legez, arlo sozialean eta politikoan. Lan munduan "kontrabotere" da eta, langilea oinarri moduan hartuta, "beste etorkizun bat" eraikitzea dauka erronka behinena. Lantegietatik abiatu, euskal gatazka konpontzen lagundu eta "bake eta demokrazia egoera" batera eraman gura du gizartea. Borrokaz borroka eragin gura du aldaketa hori, eta borroka horretan aurrerapausoak emateko irizpide nagusiak finkatu ditu BECen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.