55.020 familia kobratzen ari dira gaur egun gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta, sekula baino gehiago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean dagoen gizarte laguntza nagusiaren onuradunak biderkatu dira azken bi urteotan, gainbehera ekonomikoaren eta gizarte babesa arautzen duen legedian egondako aldaketen ondorioz.
2008. urteko udan, krisia azkartzeko atarian, 31.550 familiak jasotzen zuten oinarrizko errenta. Garai horretan, Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen erreforma aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, pentsiodunei lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko ordaina jasotzeko eskubidea aitortzen zien moldaketak. Aldaketaren ondotik onuradun kopurua 47.000 bizikidetza unitatera igoko zela kalkulatu zuen gobernuak.
Bi urte eta erdi geroago, %75 handitu da onuradunen zenbatekoa, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak atzo emandako datuen arabera. 2010. urtean, orotara, %13 igo zen diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenen kopurua. Ekain arte igoera oso bizia izan zuten onuradunek, eta horren ondotik moteldu zen, urte amaieran goia jo arte.
Bizkaian izan zen hazkunderik handiena (%15), eta herrialde horretan daude onuradun gehienak. Errenta eskuratzen dutenetatik %68 Bizkaian daude, herrialdeak duen pisu ekonomikoaren eta biztanle ehunekoaren gainetik, nabarmen.
Onuradunen izaerari dagokionez, erretiroa hartuta duten pentsiodunak dira talderik handiena, %35,2. Kontuan hartu behar da pertsona horiek kotizatutako urteen arabera eskuratzen duten ordaina ez dela iristen lanbidearteko gutxieneko soldatara —747 euro hilero, hamabi saritan—, eta Eusko Legebiltzarrak aparteko ordain bat ematea onartu zuela, euren egoera arintzeko. Lana eta errenta partekatzen ditu onuradunen beste %30ek (16.588). Azkeneko %34,6k ez du errentatik aparteko diru sarrerarik.
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Ekintza sailburuaren ustez, pentsiodunak ez diren onuradun guztiak laneratzea posible da, eta horretarako prest egon behar dute. Pertsona horiek aktibatzea gizarte babeserako sistemaren lehentasuna dela nabarmendu zuen Zabaletak, joan den urteko balantzea aurkezteko ekitaldian. Errenta jaso ahal izateko Lanbiden izena ematea ezinbesteko baldintza da erretiratuak ez dauden pertsonentzat.
Gasturik handiena
Orotara, joan den urtean diru sarrerak bermatzeko sistema finantzatzeko 389 milioi euro bideratu zituen EAEko gobernuak, aurreko urtean baino 72 milioi euro gehiago. Kopuru hori «inoizko gasturik handiena» dela azpimarratu zuen behin eta berriro Zabaleta sailburuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %0,6 izan zen gastu hori joan den urtean.
Langabe kopuruaren eta gastu handiaren arteko lotura zalantzan jarri zuen sailburuak, orain dela hamar urte, antzeko langabeziarekin, gastua bost aldiz gutxiago zela argudiatuta. Orain dela hamar urte oinarrizko errenta hasi berria zen, eta, harrezkero, onuradun posibleak gehitu ditu, erreformen bidez.
Lan Sailaren helburua gizarte laguntzen onuradunak ez betikotzea da, eta horretarako eskaintzen duen alternatiba laneratzea da. Oraingoz, onuradun horiei nahiz beste langabe guztiei lan merkatuak bidaltzen dizkien seinaleak ez dira onak: otsailean berriro ere handitu zen langabezia, eta gaur egun Hego Euskal Herrian 191.000 pertsona baino gehiago daude beharrik gabe.
Urtarrila eta otsaila hilabete txarrak izan ohi dira enpleguarentzat. Aurten ez da salbuespena izan, baina joan den hilabeteko datuak irakurketa ilunagoa utzi du: langabe kopurua aurreko urteko otsailean baino gehiago handitu zen. Langabezia tasak %14 gainditu du Hegoaldean, gainera.
Datua txarra dela onartu zuen Zabaletak, baina aringarria bilatu zuen Gizarte Segurantzaren egoeran. «Afiliazioak gora egin du, eta horrek agerian uzten du enplegua ez dela galtzen ari, sortzen baizik».
Langabezia. Gizarte laguntzak
Gizarte laguntzen onuradunak %75 handitu ditu krisiak eta lege berriak
Jaurlaritzak posible ikusten du gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenetatik bi heren laneratzeaLangabeziak gora egin du berriro otsailean, eta 191.322 langabe daude orain Hegoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu