Administrazioaren barnean dauden arlo guztiei eragin diete gastua murrizteko Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek hartutako neurriek. Baita gizarte zerbitzuei ere. Eta horren ondorioak antzematen hasi dira baliabiderik gutxien duten herritarrak. Gizarte langileak lanez gainezka daudela diote, iritsi ezinik dabiltzala, eta norbanakoen eta familien laguntza eskaerak mahai gainean pilatzen ari zaizkiela. Horiek hala, gizarte murrizketen kontra eta gizarte zerbitzu duin batzuen alde, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Bazterketaren Kontrako Zerbitzuak Bilbon dituen bulegoen parean.
Miguel Angel Miguel Galdakaoko Danok Lan plataformako eledunak azaldu zuenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du zerbitzu horietako lantaldea handitzeko asmorik. «Ez du langilerik hartu nahi, ezta gaixo dauden langileak eta eszedentzian daudenak ordezkatzeko ere». Ondorioz, ehunka espediente tramitatuak izateko zain daudela ziurtatu zuen, eta gutxieneko diru sarrerak bermatzeko diru laguntzen kasuan, esaterako, bost hilabetera arteko atzerapenak dituztela.
Atzerapen horiei, gainera, informatika arazoak gehitu behar zaizkie. Miguelen hitzetan, «gizarte laguntzak kudeatzeko Bizkaiko Diputazioak erabiltzen duen programa informatikoa erabat zaharkituta geratu da, eta ez da gai egokitzeko legeak izan dituen azken aldaketetara». Ondorioz, urtarrilaren 1ean automatikoki berritzen diren zenbait laguntza berritu beharrean ezeztatu egin zituen programa horrek, eta, harrezkero, ehunka pentsiodunek arazoak izan dituzte pentsioa osatzeko laguntzak jasotzeko.
Horretaz gain, egun batetik bestera eta legeak eskatzen dituen urratsak egin gabe diputazioak hainbat laguntza emateari utzi diola salatu zuten. Horien artean dago, esaterako, norbanakoei gizarteratzeko ematen zieten laguntza berezia. Iaz, 624 bizkaitarrek jaso zuten laguntza hori; hilean 162,27 euro, gehienez urtebetez.
Gizarte zerbitzu «duinak» aldarrikatu dituzte Bilbon
Salatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela langilerik hartzen gaixorik edo eszedentzian daudenak ordezkatzekoZenbait laguntza eskaera bost hilabetera arteko atzerapenarekin tramitatzen ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu