Gizarte laguntzak arautzen dituen Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen garapenari buruz hitz egin zuen Zabaletak atzo, Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean. Sailburuak aurreratu zuen uda aurretik onartu nahi duela laguntzen hartzaileen jarraipena arautuko duen dekretua. Ez zuen argitu, ordea, laneratzeko moduan ez dauden pertsonekin zer egingo duen Jaurlaritzak. Gizarte Gaietarako Sailaren datuen arabera, oinarrizko errenta jasotzen dutenen artean %30 eta %40 artean ezin dira lan merkatura itzuli adinagatik, edo «muturreko» gizarte bazterketan daudelako.
Gizarteratze Aktiboko Hitzarmenen Dekretuak arautuko duen kontratua Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez kudeatu nahi du Zabaletak. Enplegu politika aktiboen eskumena jasotakoan, gizarte laguntzak eta laneratzea elkartzeko aukera izango du Jaurlaritzak. Eskumena lortu bitartean, sailburuak aurreratu du uda aurretik saiatuko direla lehen probak egiten Lanbideren bulegoak dituzten bederatzi udalerrietan. Gizarte laguntzak udalen eskumenak dira, eta haiei dagokie horien kudeaketa Jaurlaritzaren esku uztea.
18-23 urte bitartekoek ere
Zabaletak aurreratu du oinarrizko errenta arautuko duen dekretua «denbora gutxi barru» onartuko dutela. Berrikuntzen arteanizango da 18 eta 23 urte arteko gazteei emango zaien laguntza, baldin eta bazterketa arriskuan badaude eta helduen bizimodua badute. Hau da, oinarrizko errenta jasotzeko aukera izango dute seme-alabak dituzten gazteek, mendeko pertsonen zaintzaz arduratzen direnek edo 18 urte betetzeagatik aldundien zaintzapean egoteari utzi dioten gazteek.
Bestetik, urtarrilaren 1etik indarrean dagoen etxebizitza gastuetarako laguntzaz 16.200 lagun inguru baliatuko direla aurreratu du Zabaletak, eta hasiera batean 43,1 milioi euroko aurrekontua izango duela jakinarazi, beharren arabera handitu daitekeen arren. Etxe bakoitzeko bi pertsonak baino ezin izango dute jaso laguntza hori, eta sailburuak adierazi du pertsona asko «pilatzen» dituzten etxeekin bukatzeko dela neurria.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Dekretua ere aurten onartzea espero du Zabaletak. Udalek banatzen duten laguntza horren jarraipena hiru hilabetean behin egingo du Jaurlaritzak, «beharretara egokitu ahal izateko».
Lanbide
ARABAKO BULEGOAKAmurrio
Agurain
Oion
BIZKAIKO BULEGOAK
Basauri
Erandio
Portugalete
GIPUZKOAKO BULEGOAK
Elgoibar
Irun
Lasarte-Oria