Glavistako langileak kaleratzeko prozesuari bihar berrekingo diote

Epaile baten aginduz, espedientea sei hilabetez egon da etenda. Inplikatutako enpresek apirilean aurkeztu zuten epaitegiak eskatutako informazio osagarria.

Glavistako langileen alde Aiaraldean urrian egin zen manifestazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Glavistako langileen alde Aiaraldean urrian egin zen manifestazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko maiatzaren 6a
13:20
Entzun

Sei hilabeteko etenaldiaren ostean, bihar berrabiaraziko dute Laudioko (Araba) Autoglas-Glavistako langileak kaleratzeko prozesua. 200 langile ingururen etorkizuna dago jokoan. Horiek kaleratzeko espedientea iazko urrian aurkeztu zuen enpresako zuzendaritzak, baina Gasteizko epaile batek etetea erabaki zuen, ELA sindikatuaren eskariak aintzat hartu ostean.

Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak hamar eguneko epea eman zien inplikatutako enpresei eskatutako informazio osagarria aurkezteko, beharrezkoa baita enplegua erregulatzeko espedientea argitu ahal izateko. Apirilean egin zuten hori, sei hilabete geroago. Besteak beste, enpresaren salerosketa zer baldintzatan egin zen argitzeko dokumentuak dira. Horrez gain, kontsulta aldiak iraun artean, prozesuaren parte izateko agindu zien epaileak enpresaren jabeari, Parter Capital inbertsio funtsari eta lehengo ugazabari, AEBetako Guardiani. Langileek azken hori jotzen dute egoeraren erantzuletzat, harenak baitira enpresaren lurrak.

Orain dela urte eta erdi eten zuen ekoizpena autoentzako haizeetako kristalak egiten dituen lantegiak. Amine industria funtsa Parter Capitali Glavista erosteko prest dago, baina fabrikaren alboan dagoen orube bat ere nahi du pausoa emateko. Lursail hori, baina, Guardianena da, aurreko jabearena, eta hura ez dago saltzeko prest. Eta, bitartean, langileak erdian daude, orube batek haien etorkizuna nola baldintzatu dezakeen ikusten. Eurak dira lanik gabe geratzeko arriskuan daudenak.

Azken hilabeteetan, auziari konponbidea emateko, Glavistaren zati bat erosteko eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, haren kontrola bereganatzeko. Lanpostu horiek babesteko eta enpresa berriz abiarazteko, Aminek egindako bideragarritasun planean «kapital publikoa» sartzeko beharra ikusi du sindikatuak, «kontrol publikoa izateko» eta «etorkizuneko industria proiektua aurrera eramateko». Plan horrek konkurtso administrazioaren eta merkataritza arloko epaitegiaren oniritzia du. Hori gertatuko ez balitz, lurrak eta instalazioak desjabetzea proposatu du sindikatuak. Langileak ziur dira lantegia bideragarria dela oraindik, eta hori aldarrikatzeko zenbait protesta egin zituzten iazko urtearen amaieran.

Pandemia osteko arazoak

Arazoak Parter Capitalek Glavista erosi zuenean heldu ziren; «likidezia arazo handiak» izaten hasi zen enpresa, eta, ELAk azaldu izan duen moduan, inbertitzaileek ez zuten dirurik «injektatzen»: «Hiltzen utzi zuten». Lehengaiak lortzeko arazoak ere izan zituzten, eta horrek aldi baterako erregulazioa aurkeztera bultzatu zuen enpresa, 2022ko azaroan.

2023ko martxoan, egoera ikusita, hartzekodunen konkurtsoa egin zuten. Bazirudien kale gorria zela lantegiaren eta langileen etorkizuna, baina enpresa erosteko eskaintza bat egin zuen Guardianeko zuzendari ohi batek: Javier Garciak.

Inbertsiogileak zituen, eta proiektu berriak enpleguari eta jardunari eutsiko zion. Hilabeteetako amesgaiztoaren amaiera zirudien, eta lanera itzultzeko eguna eta guzti zuten: uztailaren 4a. Hala ere, Olazabalen arabera, astebete lehenago dena pikutara joan zen, Guardianek ez baitzion lurra saldu nahi Garciari. Proiektua aurrera eramateko Garciak zuen baldintza bakarra dena erostea zen: negozioa, lantegia eta lurra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.