General Motorsek (GM) 1.150 milioi dolar galdu ditu uztailaren 10etik irailaren 30era (768 milioi euro), hau da, porrotetik atera zenetik. Diru asko da, baina iazko hirugarren hiruhilekoan galdutakoaren erdia baino gutxiago. 2.540 milioi dolar galdu zituen orduan (1.700 milioi euro).
Galerak galera, General Motorsen diru kontuak hobetu egin dira, eta uste baino lehenago itzuliko die emandako dirua Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) eta Kanadako gobernuei. 6.700 milioi dolar zor dizkio AEBetakoari, eta 1.400 Kanadakoari. Abenduan mila milioi dolar eta 192 milioi dolar itzuliko dizkie, hurrenez hurren. Hiruhilero egingo ditu ordainketak, 2011n zorra kitatu arte, ordainketak hasteko epea baino lau urte lehenago.
General Motorsek 88.000 milioi dolar galdu zituen 2005etik aurtengo martxora (ia 60.000 milioi euro), AEBetako Porroten Legera jo aurretik. AEBetako Gobernuak 49.900 milioi dolar eman zizkion bizirik iraun ahal izateko, konpainia goitik behera berregituratzearen truke. Horietatik zati bat baino ez dago zor gisa GMren diru kontuetan, AEBetako Gobernuak gainerako diru gehiena GMren %60,8 eskuratzeko erabili baitzuen.
Berez, GMk diru hori guztia itzuli beharko du, baina hori gertagaitza da, AEBetako Gobernuaren Kontabilitate Bulegoaren txosten baten arabera. Hori gertatzeko GMren merkatuko balioak balio gorenera itzuli beharko luke.
42.600 milioi dolar eskura
GMk bizirik dirau eta zorra 17.000 milioi dolarrera gutxitu du. Gainera, enpresaren esanetan, 42.600 milioi dolar ditu eskura. Berez, GMk AEBetako Gobernuari kolpe batean ordain diezaioke zor dion dirua; baina Fritz Henderson GMko kontseilari ordezkariak atzo esan zuen hori ez dela egokiena.
Diru kontuak azaltzeko orduan aintzat hartu behar da GM bitan zatitu zutela: GM berria, aktibo garrantzitsuenak hartu zituena, eta GM zaharra (Motors Liquidation Company), aktibo txarren likidazioa bere gain hartu zuena (porrot egoeran jarraitzen du).
GM berriak 28.000 milioi dolarreko diru sarrerak izan ditu uztailaren 10etik irailaren 30era, bigarren hiruhilekoan baino 4.900 milioi dolar gehiago. Zergak eta interesak ordaindu aurretik 261 milioi dolar galdu ditu uztailaren 10etik irailaren 30era. Ipar Amerikan galdu du dirua: 651 milioi dolar; nazioartean, berriz, 238 milioi dolar irabazi ditu.
Egiturazko kostuak murriztu ditu: aurten lehen erdian 22.000 milioi dolar zituen, eta hirugarren hiruhilekoan 9.100 milioidolar. Neurri handi batean langileak kaleratuz. GMk 209.000 langile zituen irailaren amaieran mundu guztian, iaz baino 34.000 gutxiago.
Munduan saltzen den hamar autotik bat GMrena izan da aurtengo hirugarren hiruhilekoan. Zehazki, saldutako autoen %11,9, aurreko hiruhilekoan baino %0,3 gehiago. AEBetan saldutako bost autotik bat GMrena da, %19,5.
GMk dirua galdu du, baina maileguak itzultzen hasiko da AEBei eta Kanadari
Porrotetik atera eta lau hilabetera 17.000 milioi dolarreko zorra du, baina 42.000 milioi dolar eskura ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu