Zorraren krisia. Grezia

Gobernu 'teknikoa' Grezian, erabaki politikoak hartzeko

Lukas Papademos lehen ministroak eta hamazazpi ministroek karguaren zina egin dute

jakes goikoetxea
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Bankariak hartu du lehen ministro kargua. Lukas Papademosek eta hamazazpi ministroek atzo egin zuten karguaren zina. Behin-behineko gobernu berriak 48 goi kargu izango ditu. Helburua: Europak agindutakoa betetzea eta ordainketak ez etetea.

Gobernua berria da, bai lehen ministroa eta hainbat ministro aldatu dituelako, bai batasun nazionaleko gobernua delako. Pasok alderdi sozialistak, Demokrazia Berria (ND) kontserbadoreak eta LAOS ultraeskuindarrak osatu dute.

Gobernu berriari teknikoa deitu diote, teorian Lukas Papademos teknikoa delako, ez politikoa. Greziako Bankuko buru izan zen 1194tik 2002ra, hau da, herrialdea drakmatik eurora pasa zenean, diru kontuei buruz gezurra esan zuenean. Berak ez zekiela ezer esan du. Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteordea izan zen, berriz, 2002tik 2010era. Teknikoa bai, baina Georgios Papandreu lehen ministro ohiaren aholkularia izan da 2010etik.

Papademosena gobernu teknokratikoa izanda ere, erabaki politiko potoloak hartu beharko ditu: bigarren erreskatearen baldintzak onartzea (130.000 milioi euro) eta negoziatzea; lehen erreskatearen azken ordainketa lehenbailehen ziurtatzea (8.000 milioi euro); 2012rako aurrekontuak osatzea; eta, garrantzitsuena, orain arteko murrizketak indarrean jartzea eta bigarren erreskatearen truke gehiago onartzea.

Lan hori egiteko Papademosek ondoan izango du Evangelos Venizelos Finantza ministroa. Karguan jarraituko du, eta orain lehen ministrordea ere izango da. Pasokek hamahiru ministro ditu gobernuan, NDk bi, LAOSek bat eta bozeramailea independientea izango da.

LAOS lehen aldiz egongo da Greziako Gobernuan. Azpiegitura eta Garraio ministroa izango du, Mavrudis Voridis. Eskuin muturreko talde paramilitarretako kidea izan zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Alderdia 2000. urtean sortu zuen Georgios Karatzaferis NDko diputatu ohiak. Hamabost diputatu ditu Greziako Parlamentuan. Harreman estua du Eliza ortodoxoarekin.

Merkel, ondoan

Gobernu berriak Eliza ortodoxoaren bedeinkapena jaso zuen atzoko ekitaldian. Papademosek Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarena ere jaso du. Papademosek badaki Alemaniak gertutik zainduko duela bere lana, baina badaezpada Merkelek esan dio Greziako gobernuaren eta herritarren ondoan egongo dela, «Europaren eta eurogunearen krisia gainditzeko». «Itxaropen handiak jarri ditugu zugan», esan zion kantzilerrak. Alegia, ez kale egiteko eta ahazteko Georgios Papandreu lehen ministroaren abentura demokratikoak.

Papademosek Merkel baino gertuago izango ditu troika-ko ordezkariak (Europako Batzordea, EBZ eta Nazioarteko Diru Funtsa). Horiekin partekatu beharko du gobernua. Jada ez dira hiru hilabetetik behin joango Atenasera, baizik eta han egongo dira etengabe, ministerioetako eta erakunde publikoetako bulegoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.