Goi-bileraren gaien agenda

jakes goikoetxea
2011ko abenduaren 9a
08:50
Entzun

1. Neurritasuna arau, Europako itunetan...

Europako Ituna aldatu nahi dute Merkelek eta Sarkozyk, horrek konpromisoa indartzen duelako. Europako Batasuneko 27 herrialdeek bat egitea nahi dute; ezin bada, euroguneko hamazazpiek. «Asmo handiagoko arauak, lotesleagoak eta konpromisoak behar ditugu, eta Europako itunetan ezarri behar dira», diote. Martxorako nahi dute.

Itunen aldaketa izango da goi bilerako eztabaidagai nagusienetakoa. Van Rompuyk prozedura azkarra proposatu du, itunak aldatu gabe eta herrialdeetako onespena behar izan gabe. Alemaniak ezetz esan dio.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak esan du ez duela itunen aldaketa onartuko, Londresko City-aren —finantza sektorearen— interesak bermatzen ez baditu.

2. ...eta konstituzioetan

Herrialdeak konpromisoetatik haratago joatea nahi dute Merkelek eta Sarkozyk, aurrekontuen oreka ez dadila izan, Europan ohikoa den moduan, goi bileretan onartu bai baina betetzen ez diren asmoetako bat. Aurrerantzean Europa zintzoa eta serioa izango dela esan nahi diete inbertsiogileei, merkatuei. Nola? Aurrekontuen oreka arau bihurtu eta «ahal izanez gero» konstituzioetan iltzatuta. Bestela, konstituzioaren pareko arau batean.

Aurrekontuen orekarako bi irizpide, bi muga ezarri ditu Europak: alde batetik, barne produktu gordinaren (BPG) %3ko gehienezko defizit publikoa; bestetik, BPGaren %60ko muga zor publikoarentzat.

3. Zigorrak eta kontrolak

Europako Batzordeak onartu aurretik gainbegiratu ahal izango ditu herrialdeetako aurrekontuak. Herrialderen batek mugak gainditu dituela esanez gero, zer? Zigorra zuzenean. Ia, herrialdeen %85ek kontrakoa erabakitzen ez badute behintzat. Ez dute zehaztu zigorra nolakoa edo zenbatekoa izango litzatekeen: dirua ordaintzea, epe batean boto eskubidea galtzea, behin-behinean Europako laguntzak ez jasotzea...

4. Europak gomendatu, Europak agindu

Hori baino zigor gogorragoa izango da Europaren esku hartzea onartu behar izatea, neurri handi batean herrialdeek aurrekontuen gaineko burujabetza galtzea. %3ko defizita gainditzen duen herrialdeak Europako Batzordearekin hitzartu beharko ditu hartu beharreko neurriak, bai aurrekontuari dagozkionak, bai egiturazko neurriak. Neurriek, gainera, euroguneko agintarien onespena beharko lukete.

BPGaren %3ko defizita gaindituz gero, «estatu horretako legeetan gero eta ekintza indartsuagoak egin ahalko dira», diote Merkelek eta Sarkozyk Van Rompuyri bidalitako gutunean.

Herrialdeetako parlamentuek aintzat hartu beharko dituzte Europak aurrekontuei eta politika ekonomikoei buruz egindako «gomendioak».

5. Sozietate zerga eta lan merkatu bateratuak

Alemaniako kantzilerrak eta Frantziako presidenteak «araudi berri bat» proposatu dute jada abian jarritako hainbat prozesu edo aipatutako hainbat helburu azkartzeko, «betiere merkatu bakarrarekin bateragarria»: finantza sektorea arautzea; lan merkatuen bat egitea; sozietate zergaren oinarrik bateratzea; finantza operazioei zerga bat ezartzea, Tobin tasa deitua; eta hazkundea laguntzeko politikak. Zerga berri horrekin lortutako diruarekin «hazkundea lagundu» eta Europako funtsak «hobeto erabili» nahi dituzte euroguneko herrialdeetan.

Alemaniak eta Frantziak iaz proposatu zuten Europako Batasuneko sozietate zergen oinarriak bateratzea, Euroaren Itunean. Hego Euskal Herrian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiena eta Nafarroako Parlamentuarena da sozietate zerga arautzeko eskumena.

Irlandak nekez onartuko du bere sozietate zerga igotzea. %12,5ekoa du, Europako Batasuneko apalenetakoa, eta nazioarteko hainbat enpresa erakarri ditu. Erreskatea jasotzeko hasierako baldintzetako bat zen sozietate zerga igotzea, baina Irlandak ez zuen amore eman. Orain zailagoa izango du bereari eustea.

6. Hartzekodun pribatuak

Alemaniak amore eman du, inbertsiogileak lasaitzeko: herrialderen batek zorra ordaintzerik izango ez balu, hartzekodun pribatuak ez dituzte behartuko galeren zati bat beren gain hartzera. Grezia salbuespena izan da.

7. Erreskate tresna bakarra

Europako Egonkortasun Tresnak (ESM), erreskate tresna iraunkorrak, 2013ko uztailean ordezkatu behar zuen Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa (EFSF), behin-behineko erreskate tresna. Merkelek eta Sarkozyk 2012ko uztailean ordezkatzea nahi dute.

Ordezkatu, Van Rompuyk bi tresnak batera aritzea proposatu baitu, eragina bikoizteko. Baita tresna bakoitzaren gehienezko diru kopurua handitzea ere. 440.000 milioi eurokoa du EFSFk eta 500.000 milioi eurokoa ESMk. Alemaniak jada esan dio ezetz.

Horrez gain, ESMk bankuak kapitalizatu eta Europako Banku Zentralaren (EBZ) dirua jaso ahal izatea nahi du Van Rompuyk. Maileguak eman ahal izatea.

Van Rompuyren proposamenak ez du baztertu eurobonuak jaulkitzea, baina, jaulkitzekotan, betiere urte batzuk barru eta herrialdeek diziplina fiskalerako neurriak onartu eta gero.

8. Bilerak

Euroguneko agintariak gutxienez urtean bitan biltzea. Taldeak presidente iraunkor bat izango luke, eta taldeak emango lituzke aurrekontuei eta politika ekonomikoei buruzko «orientabide estrategikoak».

Krisi garaian, hala ere, euroguneko agintariak hilean behin biltzea nahi dute, batez ere hazkundeari, lehiakortasunari eta aurrekontuen egonkortasunari buruz hitz egiteko. Eurogunetik kanpoko gobernuak ere gonbidatzea aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.