Goierri Valley aliantza sortu dute, munduan sendoago lehiatzeko

Metal eta mekanika sektoreko 33 enpresak sortu dute lankidetza elkartea Gipuzkoako haranean

Jon Fernandez.
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Silicon Valley esanda, puntako teknologiako enpresaz jositako eskualdea dator burura, Kaliforniakoa (AEB). Nazioartean erreferentzialtasun hori lortu nahi dute Goierriko konpainiek metalaren eta mekanikaren sektorean, eta lankidetza elkarte bat sortu dute, Goierri Valley izenarekin.

Beasainen (Gipuzkoa) egin zuten elkartearen aurkezpena, atzo, hura osatzen duten 33 enpresen ordezkariek. Nazioarteko merkatuetan puntako lehiakideak dira dagoeneko horietako batzuk: CAF, Irizar, Ampo, Indar, Orkli, Jaso, GH eta Transbiaga, esate baterako. Eskualdeko konpainia traktoreak dira, baina elkartean badira enpresa txiki eta ertainak ere; hain zuzen ere, tokiko enpresa handien hornitzaileak. Goierri haranean 240 inguru enpresa ertain eta txiki daude.

Elkarlanak handiei eta txikiei ekarriko die onura, elkarteko ordezkarien esanetan. «Jakintza partekatzeko batura bat da Goierri Valley. Gure haranaren ahalmenen gaineko ezagutzari esker, mundu mailan produktu sorta zabala garatzeko eta kudeatzeko aukera daukagu. Gainera, proiektu handiak gara ditzakegu, enpresa askok bakarka egin ezingo lituzketenak».

Jose Luis Perez izango da elkarteko arduradun nagusia, Orkliko presidentea. Gogora ekarri zuzenez, elkarteko enpresek, batuta, 5.800 langile dauzkate. Lankidetzaren helburua da «metal mekanikoaren sektorean mundu mailako partner industrial osoena bihurtzea, zerbitzua eskainiz soluzio integralak, berritzaileak eta lehiakorrak bilatzen dituzten enpresei».

Lankidetzarako elkartea ez da ezerezetik sortu: enpresek dagoeneko hilabeteak daramatzate elkarrekin lanean Goieki Goierriko Garapen Agentziaren laguntzarekin. Dagoeneko hainbat misio komertzial egin dituzte Goiekirekin: besteak beste, Txilen, Mexikon, Brasilen, Txinan, Mauritanian eta Eskozian egonak dira.

Goierri Valleyren helburu nagusia da «lehiakortasun industriala bermatzea, eta, lankidetzaren bidez, eskualdean transformazio industriala gidatzea»; baina, harago ere joan nahi du, eta elkarteko kideen eta administrazioen arteko solaskide rola ere hartzeko asmoa agertu du, «bere zerbitzu eskariak hobeto uler ditzaten».

Diseinuan ere, batuta

Batasunaren eta lankidetzaren bidea ere aukeratu du, diseinuaren eta altzarien sektoreak nazioartean lehiakorrago izateko helburuarekin. Hego Euskal Herriko Habic klusterrak Basque Living aurkeztu du, esportatzeko orduan lankidetzan aritzeko estrategia berria.

Lankidetza sare berriarekin, euskal enpresek munduko merkatuetan ikusgarritasun handiagoa izatea espero dute. Gaur- gaurkoz, altzarien euskal sektoreko salmenten %35, esaterako, esportazioak dira (355 milioi euro), eta aurten %8 eta %10 artean igotzea espero du.

Basque Living estrategiaren barruan Londresera misioa antolatu dute datorren asterako, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Munduko puntako ehun inguru arkitektura eta diseinu enpresarekin bilduko dira bertan: besteak beste, Fosterren, Zaha Hadid, Populus, Patricia Urquiola eta Chapmanen estudioekin.«Euskal diseinuaren abangoardia erakustea da asmoa, diseinu kalitatezkoa, berritzailea eta jasangarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.