politika

Gonzalezek adierazi du "egokia" dela Arabako zerga eredua

"Aldaketa handirik" ez egitearen alde agertu da, nahiz eta prest dagoen "hobekuntza txikiak" egiteko. Gaineratu du "akordio politiko" bat beharko litzatekeela horretarako.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, gaur, Arabako Batzar Nagusien politika orokorreko eztabaidan. @RAMIROGONZA
2018ko urriaren 9a
17:48
Entzun

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren esanetan, Arabako zerga sistema "egokia" da lurraldearentzat. Egungo zerga ereduaren alde egin du, Arabako Batzar Nagusien politika orokorreko eztabaidan. Haren iritziz, Batzar Nagusiek hartutako neurriek "lurraldea inbertsiorako erakargarriago egiten eta diru bilketa handitzen lagunduko dute". Hori dela eta, "aldaketa handirik" ez egitearen alde mintzatu da, "hobekuntza txikiak" egiteko prest agertu bada ere. Horretarako, baina, alderdien arteko "akordio politiko" bat lortzea ezarri du baldintza gisa.

Ahaldun nagusiak nabarmendu du Arabak zergetan bilduko duen kopurua duela urte bete aurreikusitakoa baino handiagoa izango dela, eta adierazi du datu horrek lurraldearen "hobekuntza ekonomiko" "argia" islatzen duela. Azpimarratu duenez, Araba da EAEko hiru lurraldeetan bere BPGa gehien handitu duena (%3).

Hala ere, ez du ukatu "lurraldeko enpresa eragile handiek" zailtasunak dauzkatela "unean-unean". Mercedesen Gasteizko lantegia aipatu gabe, azaldu du enpresa horien zailtasunak "beraien produktuak merkatuko eskarietara moldatzeko beharrarengatik" sortzen direla.

Gonzalezek gaineratu du Arabako Aldundia lurraldeari egonkortasun politikoa ematen ahalegindu dela. Ildo horretan lanean jarraitzera konprometitu da. Ahaldun nagusiaren hitzetan, udal eta foru hauteskundeak hurbil izateak ez luke eragozpena izan behar egonkortasuna lortzeko. "Elkarrizketa, neurritasuna eta konfrontazioa elkarlanarekin ordezkatzeko" eskatu die oposizioko alderdi politikoei.

Aurreko hiru urteetan, aldundiaren aurrekontuak onartzeko jaso duen babesa eskertu du Gonzalezek, eta aurten ere Arabak aurrekontu adostu bat izateko nahia agertu du.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.