Enpresak

Google eta Amazon batu zaizkio 'start up'-entzako Bind 4.0 euskal programari

Jaurlaritzak eta 27 konpainia traktorek indarrak batu ditzute 4.0 industriako ekintzaileak erakartzeko, bigarren urtez.

Arantxa Tapia sailburua Bind 4.0 programako 27 enpresekin, gaur, Donostian. EUSKO JAURLARITZA
Jon Fernandez.
2017ko uztailaren 5a
07:49
Entzun

Bind 4.0 programaren bigarren deiladia abiatu da gaur. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak eta programan parte hartuko duten industria sektoreko 27 enpresek bilera egin dute goizean Donostian, deialdia zabaltzeko. Helbura, azaldu dutenez, mundu osoan indarra hartzen ari diren enpresen talentua eta berrikuntza erakartzea da, "euskal industria sarearen zerbitzura jartzeko".

Azpimarratzekoa da aurten Google eta Amazon erraldoiek egitasmoan parte hartzea erabaki dutela, bazkide teknologiko gisa, iaz jada partaide izan ziren Microsoft eta Siemensekin batera. Lau konpainia horiek laguntzaile teknolgoikoen zeregina beteko dute: "hautatutako start up-ei baldintza hobeetan eskainiko dizkiete produktu eta zerbitzuak, eta euskarri teknologikoa emango diete.

Lehenengo aldia "arrakastatsua" izan zela azaldu dute sailburuak eta programan parte hartu duen Alcor Taldeko kontseilari ordezkari Gaizka Grajalesek; halaber, aurtengoan "itxaropen handia" daukala azaldu du lehen aldiz parte hartuko duen Sidenorreko zuzendari nagusi Marco Pinedak.

Iaz, hamabost enpresa traktorek hartu zuten parte (ABB, CAF, CIE Automotie, Danobat Group, Euskaltel, Fagor Ederlan, Maier Taldea, Alcor Taldea, ULMA Taldea, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz Gasteiz, Michlein, NEM Solutions eta Repsol-Petronor), eta, aurten, beste hamabi batu zaizkie (Aernova, Alegria Activity, Arcelor Mittal, BATZ, Bridgestone, Cikautxo, Elay, Elecnor Taldea, Gestamp, RPK, SENER eta Sidenor): 27 dira guztira.

Enpresa traktore horiekin batera, 2016ko aldian Europako, Afrikako, Ameriketako eta Asiako 41 herrialdetako 257 enpresa aurkeztu ziren Bind 4.0ren lehen ekitaldira, eta horietatik 11 start up aukeratu zituzten programaren sustatzaileek. Antolatzaileek azaldu dutenez, "aukeratutako enpresa horiek hainbat soluzio berritzaile garatu zituzten, ad hoc, Euskadin finkatutako industria konpainia handientzat". Guztira, hamasei proiektu teknologiko berritzaile landu zituzten, eta 50.000 euroko batez besteko fakturazioa lortu zuten.

Berrikuntzak

Nolanahi ere, badira berritu beharreko elementuak Bind 4.0 egitasmo publiko-pribatuan, eta iragarri dute zeintzuk diren bigarren ekitaldiko berrikuntzak. Enpresa partaideei laguntzeko zerbitzuak indartuko dituzte, besteak beste, honako baliabide hauek eskainiz: Enpresa eta Berrikuntza Zentroetan doako gune bat lanerako; aholkularitza zerbitzua mundu mailako profesionalen eskutik; zenbait gaitasun garatzeko prestakuntza programa osoa, "gaitasun horien bidez industrian arrakasta lortzeko"; diru laguntzak eskuratzeko aukera eta enpresa partaideekin eta eragile publikoekin networking jarduerak egiteko aukera, "start up-ak euskal industria ekosisteman barnera daitezen errazteko".

Izena emateko aukera zabalik daukate enpresek irailaren 15era arte, www.bind40.com webgunean. 2018ko urtarrilaren 5ean emango dute aukeratutako start up-en berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.