Google, susmopean

Europako Batzordeak ikerketa hasi du, bilatzailearen emaitzetan lehiakideei kalte egiten dien egiaztatzeko

Mikel Carramiñana.
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Oso enpresa gutxik lortu dute hamar urtean bakarrik mundua eraldatzea. Google da horietako bat, bere hamabi urteko historian Interneteko erabilerak aldatzea lortu duelako. Webguneak bilatzeko gehien erabiltzen den zerbitzuaren gainean eraiki du Googlek publizitatea erakartzeko eta bideratzeko sistema nagusia, eta, denborarekin, sistema hori zalantzan jarri dute erabiltzaileen, bezeroen eta lehiakideen salaketek.

Informatikaren eta teknologiaren beste erraldoiekin aurretik egin izan duen moduan, Europako Batzordeak Googleren jarduera ikertuko duela iragarri zuen atzo, nagusikeria darabilen edo ez erabakitzeko. Monopolioaren susmopean dago, beraz, Interneteko webgune orojakilea. Bilaketen %90 kontrolatzen ditu.

1. Zergatik hasi dute Google ikertzeko auzia?

Europako Batzordeko Lehiakortasun komisarioak azaldu duenez, urte hasieran Googleren jokabidearen gaineko hiru salaketa jaso zituzten, bilatzailearen funtzionamenduaren eta publizitate sistemaren ingurukoak. Salaketak aztertu ondoren, konkurrentzia askearen aurkako jokabiderik dagoen aztertzeko erabakia hartu du Bruselak.

Oro har, Googlek eskainitako emaitzetan, ordainduzkoetan zein doakoetan,bilatzailearen lehiakideei kalte egiten dien ikertuko dute datozen hilabeteetan. Ez da epe jakinik ezarri ikerketaren emaitzak plazaratzeko.

2. Googlek lehiakideei kalte egiten al die?

Joaquin Almuniaren sailera heldu diren salaketen arabera, doako emaitzen zerrendetan Googlek berak kudeatzen dituen webguneak hobesten ditu eta lehiakideenak zigortzen, berez zerrendan gorago azaldu beharko luketeen arren.

Kokapen zerbitzu horiek bilaketa bertikala darabilte, helburu jakin batekin sailkatutako emaitzak eskaintzeko. Erosketak egin eta Interneteko saltokietako salneurriak alderatzeko erabiltzen dira; bidaia agentzietakoak, kasu.

3. Eta zer leporatu diote ordainpekoetan?

Bilaketa bertikaletan lehiakideen kalitate adierazleei kalte egitea ere egotzi diote Googleri. Kalitate adierazleen arabera ezartzen du Googlek bere bilatzailean azaltzen diren iragarkien prezioa. Salaketaren arabera, adierazle hori manipulatzen du enpresa estatubatuarrak, eta, hala, lehiakideei kalte egiten.

4. Esklusibotasuna ere egotzi diote, zergatik?

Hala izan daitekeela iradoki du Bruselak, Googlek bere bazkideekin sinatutako kontratuetan esklusibotasun klausulak dauden ikertuko baitu. Interneten publizitatea kudeatzen duten beste enpresen iragarkiak baztertzeko eskakizuna izango lukete, hartara, bilatzailearekin harremana izan nahi dutenek. Salatu dutenez, publizitate kanpainak bere iragarki plataformatik merkatuko beste batzuetara mugitzea eragozten du Googlek.

Antzeko jokabidea omen dauka AEBetako enpresak ordenagailu eta software hornitzaileekin, bilatzaile aurkarien bilaketa motorrak beren produktuetan inolako lekurik izan ez dezaten.

5. Nork salatu du Google?

Europako Batzordeak hainbat enpresa eta sozietateren salaketak jaso ditu. Horietako batzuen izenak ezagunak dira, prezioak alderatzen dituen Erresuma Batuko Foundem ataria edota testu juridikoetako www.ejustice.fr bilatzaile frantsesa. Guztien artean Ciao! ataria da ezagunena, Microsoften Bing bilatzailearen barruan uztartutako prezio alderatzailea.

6. Bada esandako guztiaren frogarik?

Ikerketa hasteak ez du esan nahi Google erruduna denik edo salatutakoa frogatu dutenik. Hori da, behintzat, Almunia komisarioak argi eta garbi utzi nahi izan duena. Salaketak urte hasieratik aztertu dituzte, eta hainbat datu eskatu izan dizkiote Googleri dagoeneko. Hemendik aurrera ikerketa formala egingo dute. Enpresakorain arte eskatutako informazio guztia eman dio Bruselari.

7. Zer erantzun du Googlek?

Europako erakundeek izan dezaketen edozein zalantza argitzeko, «elkarlana» agindu dio Googlek Bruselari. Konpainiaren arabera, erabiltzaileentzat eta enpresentzat «ahalik eta lan onena» egiten dute. Emaitzetako iragarkiei dagokienez, «argi adierazita» daudela ziurtatu eta ez dutela inolako trabak jartzen esan dute.

Googleren egoitza nagusian, Kalifornian, Don't be evil leloa irakur dezakete langileek egunero. Larry Page eta Sergey Brin sortzaileen filosofia zuzen jokatzea izan da betidanik, baina Interneteko zerbitzu garrantzitsuenak kontrolatzen dituela jakinda, beren filosofia aspaldi urratu dutela uste dute askok.

8. Nola sailkatzen ditu emaitzak Googlek?

Googleren bilaketa motorrak PageRank izeneko algoritmo sorta du oinarri. Sistema horren arabera, webguneen garrantzia hura aipatzen duten orri kopuruaren araberakoa da. Halaber, aipua egiten duten webguneen garrantzia ere aintzat hartzen dute emaitzak sailkatzeko. Emaitzak, hartara, matematikaren ondorio izango lirateke, gizakiaren esku-hartzerik gabekoak.

Algoritmoaren funtzionamendua ezaguna izanda ere, emaitzak manipulatzeko bideak aurkitu dira urteotan. Horiek baliatuta, web ranking deritzon zerbitzuak ematen dituzten enpresak sortu dira, webguneak hobeto kokatzeko aukerak eskaintzen dituztenak. Lehen emaitzetan kokatu nahi duten orria blogetan edo bestelako webguneetan aipatzea da manipulaziorik ohikoena.

9. Monopolio salaketak egon al dira aurretik?

Bai, Europako erakundeak monopolioen aurkako zorrotzenetarikoak izan dira azken urteetan, AEBetako konpainiek egiaztatu ahal izan dutenez. Bruselak 500 milioi euroko isuna ezarri zion Microsofti 2004an eta, handik gutxira, Intel zigortu zuen konkurrentziaren aurkako jokaerengatik. Apple ere ikertu dute, baina irailean artxibatu zuten auzia.

Europatik kanpo, bestelako arazoak izan ditu bilatzaileak monopolio aferetan; izan ere, Apple eta Google enpresen arteko harremanak ikertu zituen AEBetako Merkataritzaren Batzordeak, konkurrentziaren aurkako legeak urratzen zituztelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.