Sindikalgintza abertzaleari tenperatura hartzeko tresna ona izan ohi da Maiatzaren Lehena. ELAren eta LABen arteko harremanak igaro dituen mugarriak eta desadostasunak aurkitzeko, bide egokia dira Langileen Eguneko ospakizunak eta mobilizazioak.
Bi sindikatu abertzaleen arteko hurbilketa 1993. urteko azken txanpan hasi zen. Industria sektorea desegitearen aurkako eta enpleguaren aldeko kanpaina hasi zuten, eta 1994. urteko urtarrilaren 19an lehen ekitaldi bateratua antolatu zuten. Ondoren, hilabete bereko 27rako greba orokorrera deitu zuten bi sindikatuek, CCOO eta UGTtik bananduta. Aurrerago, otsailaren 19an, lan harremanetarako euskal esparruaren manifestazioa antolatu zuten ELAk eta LABek. Lehen aldiz, Maiatzaren Lehenerako deia elkarrekin egin zuten.
Euskal sindikalgintza egituratzeko moduan sakoneko aldaketa gertatzen ari zela irudikatu zuen manifestazio horrek. CCOO eta UGTrekin zituen loturak askatzen ari zen ELA, eta LABekin indarrak biltzeko lehen urratsak egin zituen, borroka armatuaren inguruan desadostasun handiak zituzten arren.
Urtebete geroago, 1995. urtean, lankidetza horrek beste fruitu batzuk eman zituen. Aberri Egunera begira komunikatu bateratu historiko bat kaleratu zuten ELAk eta LABek. Maiatzaren Lehena batera egiteari ekin zioten, 1997. urteko salbuespenarekin, ETAk Javier Gomez Elosegi kartzela funtzionario eta ELAko militantea hil zuenean.
Gehiengoa eta hausturak
Beste sindikatu txikiagoekin batera, euskal gehiengo sindikala egituratzen aritu dira ELA eta LAB harrezkero. Besteak beste, 1998. urtean greba arrakastatsua lortu zuten 35 lan orduko astearen alde. Txanponaren ifrentzua negoziazio kolektiboan izandako ekintza batasunaren hausturak dira. Hori dela eta, 2001ean eta 2002an Maiatzaren Lehena banaturik egin zuten, eta gauza bera gertatu da azken sei urteetan ere, 2004ko deialdiaren ondotik.
Gorabehera handiko bidea
1994. urtean lehen aldiz elkarrekin antolatu zuten Maiatzaren Lehena ELAk eta LABek; harrezkero, ekintza batasuna eta desadostasun aroak tartekatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu