Sindikalgintza abertzaleari tenperatura hartzeko tresna ona izan ohi da Maiatzaren Lehena. ELAren eta LABen arteko harremanak igaro dituen mugarriak eta ezadostasunak aurkitzeko bide orria egokia dira Langileen Eguneko ospakizunak eta mobilizazioak.
Bi sindikatu abertzaleen arteko hurbilketa 1993. urteko azken txanpan abiatu zen. Industria sektorea desegitearen aurkako eta enpleguaren aldeko kanpaina hasi zuten, eta 1994. urteko urtarrilaren 19an lehen ekitaldi bateratua deitu zuten. Ondoren, hilabete bereko 27rako greba orokorrera deitu zuten bi sindikatuek, CCOO eta UGTrengandik bananduta. Aurrerako, otsailaren 19an, lan harremanetarako euskal esparruaren manifestazioa deitu zuten ELAk eta LABek. Lehen aldiz, maiatzaren lehenerako deia elkarrekin egin zuten.
Euskal sindikalgintza egituratzeko moduan sakoneko aldaketak gertatzen ari zela irudikatu zuen manifestazio horrek. CCOO eta UGTrekin zituen loturak askatzen ari zen ELA, eta LABekin indarrak biltzeko lehen urratsak egin zituen, borroka armatuaren inguruan ezadostasun handiak zituzten arren.
Urte bat geroago, 1995. urtean, lankidetza horrek beste fruitu batzuk eman zituen. Aberri egunera begira komunikatu bateratu historikoa kaleratu zuten ELAk eta LABek. Maiatzaren Lehena batera egiteari ekin zioten, 1997 urteko salbuespearekin, ETAk Javier Gomez Elosegi kartzela funtzionario eta ELAko militantea hil zuenean.
Gehiengoa eta hausturak
Beste sindikatu txikiagoekin batera, euskal gehiengo sindikala egituratzen aritu dira ELA eta LAB harrezkero. Besteak beste, 1998 urtean greba arrakastatsua lortu zuten 35 lan orduko astearen alde. Txanponaren ifrentzua negoziazio kolektiboan izandako ekintza batasunaren hausturak dira. Hori dela eta, 2001 eta 2002 urtean maiatzaren lehena banaturik egin zuten, eta gauza bera gertatu da azken sei urteetan ere, 2004ko deialdiaren ondotik.
Gorabehera handiko bidea
1994. urtean lehen aldiz elkarrekin deitu zuten Maiatzaren Lehenera ELAk eta LABek; harrezkero, ekintza batasuna eta ezadostasun aroak tartekatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu