Estu jarraitzen du Bankiak. Bankuaren akzioek hondoa jo zuten atzo, azken egunotan gordailu ihesa gertatzen ari zeneko zurrumurruek bultzatuta. Finantza erakundeko zuzendaritzak eta Ekonomia Ministerioak esku-hartu behar izan zuten, eta bezeroen aurrezkiek ez dutela inolako arriskurik ziurtatu zuten.
Bankia nazionalizatzea erabaki zenetik, bezeroek bankutik 1.000 milioi euro atera dituztela argitaratu zuen atzo El Mundo egunkariak, zuzendaritzako iturriak aipatuta. Merkatuaren erreakzioa berehalakoa izan zen, eta bankuaren akzioak burtsaren saioa hasi bezain pronto amildu ziren. Eguerdian balioaren %29,5 galduta zuten tituluek. CNMV ikuskatzaileak ez zuen kotizazioa behin-behinean eten, salerosketa garbia zela eta isilpeko informaziorik ez zegoela argudiatuta.
Urakanaren begian dago Bankia. Espainiako Gobernuak kontrolpean hartu duen arren, zalantzak ez dira uxatu. 2011. urteko benetako emaitzak argitaratu gabe jarraitzen du, eta aurtengo lehen hiruhilekoari buruzko informazio gutxi eskaini du. Gobernuak oraingoz 4.465 milioi eurorekin lagundu dio, baina inork ez daki zenbat diru beharko den bankua osorik onbideratzeko. Ekonomia Ministerioak ezarri dituen hornidura berriak betetzeko 4.800 milioi beharko ditu, esaterako.
Kanpotik datozen albisteek ere ez diote bankuari lagundu. Greziaren etorkizuna eurogunearen barruan kolokan dago, eta herrialde horretako bankuetan gertatzen ari den kapital eta gordailu ihesari buruzko informazio kezkagarriak iristen ari dira egunero. Hori gutxi balitz bezala, sekulako zalaparta piztu du Paul Krugman ekonomialari eta Nobel saridunak Espainiarako finantza corralito bati buruz idatzitako hipotesiak.
Gordailu ihesa gertatzen ari zela ukatu zuen Bankiak 14:00etan, CNMVra igorritako prentsa ohar labur batekin. Azken asteotan bulego sarean ez dela izan aparteko aldaketarik ziurtatu zuen. «Maiatzeko lehen hamabostaldian gordailuek izan duten eboluzioa garaiarekin bat dator», argudiatu zuen.
Datozen egunetarako gordailuen saldoan ez dituztela aldaketa «adierazgarriak» espero azaldu zuen bankuak, halaber. Jose Ignacio Goirigolzarrik bezperan bankuko exekutiboei esandakoa ere berretsi zuen oharrak: «Bezeroek lasaitasun osoa izan dezakete aurrezkien segurtasunari buruz».
Espainiako Gobernutik ere lasaitasun itxura hori indartzen saiatu ziren. Fernando Jimenez Latorre Ekonomia estatu idazkariaren ustez, ez da gordailu ihesik gertatu, eta Bankiaren proiektu berriak osagai guztiak ditu etorkizunean arrakasta izateko. Nazionalizatu ondoren, bankuaren egunerokoa esperientzia handia duten kudeatzaileen eskuetan dagoela azpimarratu zuen Jimenez Latorrek.
Behera, hasieratik
Egun nahasia %14 galduta itxi zuen Bankiak, eguerdian zuen erorketaren erdia. Dirutan ez da zifra ikusgarria — 0,23 akzio bakoitzeko — honezkero balio asko galdu duelako bankuak. Joan den urteko uztailean kotizatzen hasi zenetik akzioen prezioa %62 jaitsi da. Azken asteak bereziki gordinak izan dira. Rodrigo Ratok presidente kargua utzi zuen egunetik hamar egun igaro dira, eta akzioen balioa tarte horretan %42 murriztu da. Enpresaren kapitalizazioa 3.000 milioi eurotik behera jarri da.
Finantza sistema erreformatzeko saioen porrota ondo irudikatzen du Bankiaren egoerak. CajaMadrid, Bancaja eta beste bost aurrezki kutxa txikiren arteko batuketaren emaitza da. Oinarrizko kapital beharrak estaltzeko asmoz burtsan jabetzaren ia erdia salgai jarri zuen Bankiak joan den urteko uztailaren 20an. Akzio bakoitza 3,75 eurotan atera zen. Bankuak 3.300 milioi euro inguru biltzea lortu zuen, besteak beste, bulegoetatik bezero arruntei akzioak saltzeko egindako ahaleginari esker. Burtsaratzeko prozesu horri buruz zalantza asko daude. Financial Times egunkariaren ustez, ikertzea merezi duen «ariketa kosmetiko hutsa» izan zen, erreformak balio zutela erakusteko.
Gordailu ihesaren zurrumurruek Bankia hondoratu dute
Bezeroen aurrezkiak ez daudela «inolaz ere» arriskuan ziurtatu dute bankuak eta Espainiako Ekonomia Ministerioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu