Lan gatazkak

Greba amaitu da Mendiguren y Zarrauan, akordioa lortuta

Hilaren 4an hasitako greba mugagabea eten dute Berriz eta Abadiñoko 250 langileek, zuzendaritzarekin akordiorako oinarria adostuta.

xabier martin
2013ko martxoaren 13a
11:21
Entzun

Mendiguren y Zarraua enpresako langileek akordiorako oinarria egin dute enpresa zuzendaritzarekin hamar eguneko grebaren ondoren. Lanuztea eragina izaten ari zen azken orduetan Mercedes (Gasteiz) eta Citroen (Vigo, Galizia) autogintzako lantegi garrantzitsuetan —autogintzarentzako piezak ekoizten ditu Mendiguren y Zarrauak—; ekoizpena geratzeko arriskuan ziren enpresa horiek, txanda batzuk kenduz. Egoera horretan, langileen eskaerak aintzat hartzea erabaki du Mediguren y Zarrauak.

Lehen-lehenik, erretiratu egin ditu duela aste batzuk iragarritako soldata jaitsierak, %8 eta %15 artekoak. Ostean, langileek PPren lan erreformatik "blindatzeko" galdegiten zuten puntuak onartu ditu, besteak beste, ultraaktibitatearekin, enpleguari eusteko neurriekin, adostutako neurriak betetzeari uzteko ezintasunarekin eta mugikortasun geografikoarekin lotutakoak. "Helburu guztiak lortu dira", esan du ELAk ohar batean. Berriz eta Abadiñoko langileek "enpresa mailako hitzarmena" lortu dutela uste dute.

"Langileek xantaia gainditu dute", dio ELAren oharrak; "zuzendaritzaren proposamena atzera bota, eta modu eraginkorrenean blindatu dira lan erreformaren aurrean: lan hitzarmen batekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.