Bihar goizean bueltatuko dira lanera Trapagarango Productos Tubularesko beharginak, 06:00etan, 42 egunez greban egon eta gero. Gaur goizean egin dute bozketa, 09:00etatik 14:00etara, erabakitzeko maiatzaren 8an hasitako greba mugagabea amaitu ala ez. Gehiengo osoak egin du lanuztea bertan behera uztearen alde (288 boto), eta 103k greba amaitzearen kontra bozkatu dute.
Langileen erabakia enpresarenaren ostean etorri da. Arabako Tubos Reunidosen filialak apirilaren 4an lan erregulazio espediente bat aurkeztu zuen, neurri gogorrekin: Trapagarango 418 langiletik 157 kaleratzea, geldituko liratekeen langileei soldata %25 jaistea, urtean 24 lanordu gehiago egitea eta altzairutegiaren bihotza ixtea, labe elektrikoa. Baina greba indarrean izanda eta espediente gogor hori mahai gainean egonda, blokeatuta zegoen dosierraren kontsulta epeko negoziazioa, eta martitzenean zuzendaritzak erabaki zuen dosierra kentzea.
Dosierra baztertuta, negoziazio azkar eta berri bat egiteko deia egin zien zuzendaritzak langileei, konpainia "salbatzeko". Hori bai, eskari argi bat egin zien langileei: greba bertan behera utzi eta lanera bueltatzea. Izan ere, konpainiaren arabera, grebak are gehiago okertu du enpresaren egoera. Azken hiru urteetan 32,5 milioi euroko zorra pilatu du Productos Tubularesek.
Behin greba amaituta, zuzendaritzak eta langile batzordeak datorren astelehenean hasiko dute negoziazio berria. Enpresak esana du derrigorra izango dela "premiazko neurriak" hartzea enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Langile batzordeak, halaber, orain arte jarritako hiru marra gorriei eutsiko die aurrerantzean ere: labea ez ixtea, kaleratzerik ez egotea eta lan hitzarmena ez urratzea.