EKONOMIA

Greba bertan behera utzi dute Corrugados Azpeitiako langileek

Ostiralean goizeko zortzietan itzuliko dira lanera, baina mobilizazioekin jarraituko dute.

2013ko urtarrilaren 2a
16:35
Entzun

Esteban Campos Langile Batzordeko ordezkariak azaldu duenez, greba bertan behera utzi dute baina mobilizazioekin jarraituko dute. Enpresaren zuzendaritza negoziatzera behartzea da langileen asmoa, lan gatazka oraindik badela ohartarazita: "Inposizioekin, hemen jai dugu".

Agerraldi bat egin dute gaur goizean Azpeitian, erabakiaren berri emateko. Esan du "negoziazioaren mesedetan" hartu dutela erabaki hori, eta gaineratu du langileak prest egon direla eta daudela negoziatzeko. Jarrera hori ez izatea leporatu dio zuzendaritzari.

Negoziatzen hasteko epe bat zabalduko duela adierazi dute langileek, eta bi proposamen egin dituzte hitz egiten hasteko: kaleratzeak borondatezkoak izatea, eta Gallardo taldeak, enpresaren jabeak, lantegiaren iraupena bermatzeko moduko ekoizpena eramatea Azpeitiara. Ez dakite noiz arte jarraituko duten protestekin, uste baitute orain zuzendaritzari dagokiola urratsak egitea.

Sei hilabete pasatxo egin dituzte greban langileek. Lana erregulatzeko txostena aurkeztu zuen zuzendaritzak, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien langileei, eta txostena baliogabe utzi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.