Ekonomia

Greba deialdiak Grezia gelditu du

Iaz hamar greba orokor egin zituzten gobernuaren neurrien aurka.

2011ko otsailaren 23a
17:10
Entzun
Sindikatuen greba deialdi batek, urteko lehenak, gelditu egin du gaur Grezia. Gobernuaren murrizketa neurrien kontra zuten deitua sindikatuek, eta jarraipen zabala izan du, batik bat, osasungintzan, hezkuntzan, garraioetan eta erakunde publikoetan. Tren eta uharteen arteko itsasontzi zerbitzuak eten egin dira, eta herrialde barruko zenbait hegaldi ere bertan behera geratu dira kontrolatzaileen lau orduko lanuztea dela eta.

Ospitaleetan larrialdi kasuak soilik artatu dituzte, eskola eta haurtzandegiak itxita daude eta Atenas erdialdeko dendak ere itxita daude. Farmazialariek eta bankuetako langileek ere greba egingo dutela iragarria zuten aurretik, baita erakunde publikoetako funtzionarioek ere. Kazetariek ere itzalaldi informatiboa egin dute, eta bihar goizera arte iraungo du.

2011. urtean egingo duten lehenengoa izango da gaurko greba eguna; iaz, hamar egin zituzten. Krisiak gogor jo zuen Grezia 2010ean, eta Europako diru laguntzak jaso ahal izateko, neurri zorrotzak hartu zituen Greziako Gobernuak; hurrengo hiru urteetan defizita 30.000 milioi euro murriztu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.