Patronalak grebarako eskubidea arautzen duen legea erreformatu nahi du. Joan den astean, Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak egin zuen eskaera, eta, aste honetan, Juan Rosellek egin du, CEOE Espainiako patronaleko buruak. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Lujuak adierazi zuen ezen, greba egin nahi dutenen eskubidea bezala, lan egin nahi dutenena ere defendatu beharra dagoela. Horretarako, greba aurreko eguna hausnarketarako egun izendatzea eskatu zuen, hauteskunde kanpainetan egiten den moduan.
Gogorrago jardun zuen Rosellek, Abc egunkariari asteburuan emandako elkarrizketan. Oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzeko, ezinbestekotzat jo zuen grebarako eskubidea berriz arautzea, haren iritziz, onartezina delako «taldetxo batek herrialdea geldiaraztea».
Eta Espainiako Gobernuak patronalaren esana kontuan hartzeko prest dirudi. Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearenen esanetan, alderdi politiko batek baino gehiagok egin diote greba eskubidea berrikusteko eskaera gobernuari. «Interes handiz entzun eta aztertuko ditugu proposamen guztiak, urte askoan eztabaida eragin duen gaia delako».
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuen ustetan, lehendik ere nahikoa murritza den eskubidea are gehiago murriztu eta baldintzatu nahi dute patronalak eta gobernuak, ezerezean utzi arte. CCOO eta UGT sindikatuek ere patronalaren jarrera gaitzetsi dute, murrizketak egiteko gobernuaren joera baliatzen ari delako greba eskubidearen kontra egiteko. Sindikatu horietako arduradunen esanetan, «egia da araudiak egokitze batzuk behar dituela, baina enpresaburuak gatazka dagoenean bakarrik akordatzen dira horretaz».
Greba eskubidea erreformatu nahi du patronalak
Espainiako Gobernua proposamen guztiak entzuteko prest dago; sindikatuek bien jarrera kritikatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu