Greba handia espero dute gaur

Manifestazioa 10:30ean aterako da Baionako Lan Boltsaren aitzinetik, Enplegu Berrien Kontratuaren aurka protestatzeko eta, oroz gainetik, eros-ahalmenaren handitzea aldarrikatzeko, prezioaren igoeraren aurrean

Erredakzioa
BAIONA
2005eko urriaren 4a
00:00
Entzun
Aspaldiko mobilizazio sindikal zabalenetarikoa espero dute gaur Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Langileria haserre dago, lan kontratu berriak eta eros-ahalmen urria direla-eta. Greba mugimendu zabalak eta manifestazio jendetsuak iragarri dituzte gaurko, sindikatu guztiek bat egin dutelako. 10:30ean abiatuko da manifestazioa Baionako Lan Boltsaren aitzinetik. Frantzian beste 150 bat manifestazio iragarri dituzte.

Tren garraioa franko nahasia izanen da. AHT trenen heren bat ez da ibiliko. Tren normaletan trabak handiagoak izanen dira, seitik bakarra baizik ez delako ibiliko. Autobus zerbitzuak ere trabak ukanen ditu. Baiona, Angelu eta Miarritzeko autobus konpainian grebak iragarri dituzte. Hegazkin garraioetan ere greba deialdiak badira, eta ziur ez badakite ere zenbat hegaldi geldituko diren bertan behera edo atzeratuko diren, trafikoa nahasia izanen da. Autobideetako langileek ere grebara deitu dute, eta litekeena da ordainleku franko doan izatea gaur, bidaiarientzat. Autobide konpainiaren pribatizazioaren kontra protestatuko dute langileek, eta beren egoeraren okertzerik gerta ez dadin aldarrikatuko dute.Beste sektore frankotan ere badago greba deialdia; besteak beste, irakaskuntzan. Haur anitz ikastolarik edo eskolarik gabe izanen dira gaur, irakasleen erdia edo gehiago greban izanen baitira. Irakasleek ere soldaten igoera aldarrikatuko dute, baita Fillon legearen geldiaraztea. ANPE edo langabeen bulegoetako langileek ere greba eginen dute, eta gizarte zerbitzuetako beste sail anitzek ere bai. Dominique De Villepin Frantziako Lehen ministro bihurtu zenetik lehenbiziko mugimendu soziala da. Inkesta batzuen arabera, jendeek sindikatuengan dute konfiantza hazi da, eta gaurko mobilizazioa gehiengo handi batek begi onez ikusten du. Prekaritatearen handitzea nabari dute langileek, eta prezioen igoeraren aurrean soldatak ez direla nahiko handitzen salatzen dute. Pribatizazioen eta osasun zerbitzuen murriztearen aurka ere oihu eginen dute. Aditu batzuek 1995eko mobilizazioekin parekatzen dute udazken honetan Frantzian eta Ipar Euskal Herrian gerta daitekeena. Alderdi Sozialistak Pauen eta Baionan iraganen diren manifestazioetan parte hartzeko deia zabaldu du. Abertzaleen Batasunak bat egin du Baionako manifestazioarekin. Batasunak ere egin du bat. Batasunaren ustez, «alienazioaren eta bazterketa sozialaren kontra dauden euskal langileek urteetako borrokan erdietsitako eskubideak defenditu behar dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.