Pentsioen erreforma

Greba indartu nahi dute

Hiru egunez greba egitera eta mobilizatzera deitu dute sindikatuek, Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen puntukako pentsio sistema oztopatzeko

Pentsioen erreformaren aurkako manifestazioa, abenduaren amaieran, Baionan. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urtarrilaren 8a
18:39
Entzun

Mobilizazio handia espero dute bihar Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen puntukako pentsio sistemaren kontra protestan ari diren sindikatuek.  «Mugimendua gogortzen ari da», Peio Dufau trenbideetako CGT sindikatuko kidearen hitzetan, eta ondoko egunetan indar harremana ozka batez emendatuko dela espero du. Hiru egunetarako deia egin dute sindikatuek: bihar eta etzi greba egitera deitu dituzte langileak, eta larunbatean, ekintzak eta mobilizazioak antolatzera. Bihar, manifestazioa eginen dute 10:30ean Lan Burtsatik, eta arratsaldean «ekintza ikusgarri bat» egitekoa dute.

Abenduaren 5ean abiatu zen greba mugimendua, eta hasieratik abisatu zuten sindikatuek luzea eta gogorra izanen zela. Azken urteetako protesta gehienak porrot batekin bukatu dira, eta garaipen baten beharra du langile mugimenduak. Ez da soilik pentsioen erreforma jokoan dagoena: Frantziako Gobernuak gibel eginen balu, kinka larrian legoke Emmanuel Macron presidentea; erreforma bururaino eramango balu, lanak izango dituzte sindikatuek burua altxatzeko. Oraingoz, ez alde batek ez besteak ez du amore emateko intentziorik.

Azken asteetan, garraio eta energia sektoreetan izan du jarraipen handiena greba mugimenduak, baina sostengua zabalagoa dela esan daiteke: herenegun, bi milioi euro pasa jasoak zituzten greba babesteko CGTk abiatu duen diru bilketan. «Morala badute langileek baina ondoko egunetan ez bada mugimendu orokorrik, konplikatua bilakatuko da. 35 egun greban gaudela, baditugu familiak, ekonomikoki zaila da. Gure inguruan mugimendua zabaldu behar da», adierazi du Dufauk. Pozik agertu da azken asteetan petrolio findegietan ere grebara batu direlako —findegiak blokatzeari ere ekin diote—. Gaur, Frantzia  iparraldeko Gravelines herriko zentral nuklearrean ekin diote grebari.

Greba "prokurazioz"

Erresistentzia kutxan ekarpena eginez greba «prokurazioz» egitea deitoratu dute behin baino gehiagotan trenbideetako langileek. «Gehiengoa erreformaren kontra bada ere, gehiengo hori ez da mobilizatzen ari. Enpresetan ibiltzean gehiengoak sostengua erakusten digu, baina guk erraten diegu lortzekotan denen artean lortuko dugula».

Bihar, itxi eginen dute Ipar Euskal Herriko ikastetxe bat baino gehiago grebaren ondorioz, eta beste anitzetan trabak izanen dira. Zenbait ikastetxetan bi egunez eginen dute greba.

Azken egunetan, enpresetan, ikastetxeetan eta zerbitzuetan aritu dira sindikatuak informazioa zabaltzen eta langileekin hitz egiten. Orokorrean harrera ona izan dutela dio Dufauk, eta tokika greban sartzeko engaiamendua hartu dutela. «Ondoko egunetan ekintzak eginen ditugu Baionan. Baina mugimendua gogortzeko ere, laguntza beharko da: irakasleek klaseak gelditzen badituzte, sekulako eragina du. Jendeak ez du neurtzen nolako indarra duen. Uste dut grebaren eta ekintzaren kultura galdu dela. Enpresa gutxitan gelditzen da hori, eta gobernuaren miran gaude».

CFDT, larunbatean

Frantziako Gobernuarekin negoziatzen segitzen du CFDT sindikatu erreformistak. Puntukako pentsio sistemaren alde dira, baina errefoma pentsioaren adina gibelatzeko erabiltzea leporatu diote Macroni. «Bada orekarako adina, baina ez da hori gure marra gorri bakarra», azaldu du Michel Larralde Ipar Euskal Herriko CFDTko idazkari nagusiak. Lanaren dorpetasuna kontuan hartzea, eta erretiroa hartu ahal izateko lan egin behar den hiruileko kopurua ere negoziazioan sartzen direla azaldu du.

Berandu batu ziren mobilizazioetara, eta ezin erran gainerako sindikatuek suharki hartu zituztenik. «CFDT gabe milaka langile atera ziren protestara abenduaren 5ean», ohartarazi du Christophe Brise CGTko arduradunak. «CFDTk gobernuarekin akordioa lortzen badu ere, ez du gure mobilizazioan eraginen». Sektore berriak greban sartzean ikusten du erronka.

Gainerako sindikatuen oharrak gaizki hartu ditu Larraldek. «Ez dugu sindikalismo lekziorik jasoko inorengandik. Gure sindikalismoa negoziazioan oinarritzen da. Gure kongresuetan oinarritzen gara gure ildoa zehazteko: puntukako pentsioak gure proiektuan sartzen dira. Gaur egun dagoen pentsio sistema injustua da, eta injustizia hori konponduko duen erreforma bat nahi dugu».

Ez da beste sindikatuei pikorik bota gabe gelditu hala ere: «Errazagoa da denaren kontra izatea, adostasunak lortzea baino. Gure kezka langileen ongizatea da, horregatik ditugu marra gorriak», adierazi du. Bihar eta etzi ez dute grebarako deialdirik eginen -langileak monilizatzeko denbora falta aipatu du, baina larunbateko manifestazioetan parte hartuko dutela iragarri du Larraldek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.