EkoNOMIA

Greba orokorra egin dute Ipar Euskal Herrian eta Frantzian

Lanuztea nabaritu da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Frantziako Gobernuak krisiari aurre egiteko hartutako neurriak salatu dituzte sindikatuek. Baionan eginiko manifestazioan 12.000-15.000 manifestari inguru izan dira, iturrien arabera.

2009ko urtarrilaren 29a
18:18
Entzun
Krisialdiari aurre egiteko Frantziako Gobernua hartzen ari den neurriak salatzeko asmoz, egun osoko greba deialdia egina zegoen gaurko 18:00ak arte Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan, eta dagoeneko bukatu dira mobilizazioak. Sindikatuek deitu zituzten greba eta mobibilizazioak, eta lehen aldiz itun bateratua lortu dutela azpimarratu dute. Arlo publiko zein pribatuan langileak bilkurak egitera deitu zituzten, eta halaxe egin dute langile gehienek. Baionan goizean eginiko manifestazioan 12.000-15.000 manifestari inguru izan dira, Poliziaren eta sindikatuen arabera, hurrenez hurren. Ez da istilurik izan. Manifestazioa berandu hasi da, 11:00ak aldera (10:30erako zegoen deitua).

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ari da nabaritzen lanuztea: autobus zerbitzuan gutxienekoa dabil (denboraleak matxuratu zuen trenbidea sarea, eta oraino konpondu gabe segitzen du), Miarritzeko (Lapurdi) aireportuan bi hegaldi bertan behera utzi dituzte, posta zerbitzua geldirik dago, langile gehienak greban izaki; ikastetxeetan eragin handia du deialdiak, administrazio publikoan ere bai, komunikabide publikoetan ez dira ari lanean... 11:00etatik manifestazio handia egin dute Baionan. Martxa berandu hasi da, bildutako jendetza zela eta, 10:30erako deitua baitzegoen. 13:00ean oraindik manifestazioaren azkena Herriko Etxera iritsi gabe zegoen. Manifestazioa bukatu denean, agintariei zuzendutako agiria irakurri dute langileen ordezkariek.

Krisialdia "kapitalak eragindakoa" dela ari dira esaten, azkenaldian bereziki, sindikatuak eta, ondorioz, krisialdiaren kalteak ezin direla langileen bizkar ordaindu. "Gizartearen haserreari trufa eginez erantzun nahi du Frantziak baina guk ez dugu onartuko krisiaren ordaina langileen bizkar uztea eta dei egiten diogu Sarkozyri, langileen eskubideak murrizten dituzten lege xedeak alde batera utzi eta gure proposamenak kontuan hartzera", esan du Isabelle Soule FSUko ordezkariak.

Krisialdi garaian enpleguak atxiki behar direla diote sindikatuek. "Enpresek langileak kaleratzen dituzte akziodunen etekinak handitu nahi dituztelako". Jolabide hori mozteko eskatzen diote Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari. Kalitatea eta formakuntza hobetu eta prekaritatea mozteko garaia dela diote. Soldatak handitu behar direla diote sindikatuek, erosteko ahala handitzeko. Ekonomiaren suspertzea enpleguan eta erosteko ahalmenean oinarritzen da sindikatuen iritziz.

Frantziari dagokionez, funtzionario gehienek egin dute greba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.