Greba orokorra egingo du gehiengo sindikalak urtarrilaren 27an

Alderdiak presionatzea da protestaren helburua, pentsioen erreformaren gaineko bozketan ezezko botoa eman dezatenUrte eta erdian gehiengo sindikalak antolatutako hirugarren greba izango da

Gehiengo sindikalak atzo Iruñean egindako protesta; han ziren Muñoz eta Etxaide, ELAko eta LABeko idazkari nagusiak. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Greba orokorrera deitu dituzte Hego Euskal Herriko langileak ELAk, LABek, EILASek, Hiruk eta EHNEk. Pentsioen erreformarik ez dutela onartzen adierazi nahi dute. Horren arabera aukeratu dute eguna ere. Urtarrilaren 27an izango da. Espainiako Gobernuak urtarrilaren 28a jarri du epemugatzat. Aurrez akordiorik lortu ezean, egun horretan dekretu bidez onartuko du pentsioen erreforma. Kongresura igorriko du gero egitasmoa. «Alderdien jarrerak baldintzatu nahi ditugu, baiezko botoak eta abstentzioa ahalik eta zailena jartzeko», adierazi dute.

Iruñean egin zuten agerraldia bost sindikatuetako ordezkariek; tartean ziren Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LABeko idazkari nagusiak. «Pentsioen erreformaren helburu nagusia pentsio pribatuen negozioa handitzea da, eta gainerako guztia errealitate hori ezkutatzeko nahia baino ez da», salatu du Muñozek.

Erreformak aurrera egiten badu, «pentsioen historian inoiz onartutako handiena» izango dela dio, eta beste behin ere krisiaren sortzaileak aterako direla garaile. ELAko buruak mobilizatzeko eskatu die langileei. «Gure agenda propioa ezarri behar dugu. Saiatu behar dugu bozketa baldintzatzen, Zapateroren jokoan sartu nahi duten alderdi horiek guztiak erretratatuta gera daitezen».

Pentsioa jaso ahal izateko kotizazio epea hogei urtera igotzea da proposatutako neurrietako bat. «Erretiroa hartzeko aukera zaildu nahi dute, eta pentsioen baldintzak okertuko dituzte». Muñozek gogorarazi du, gaur egun, KPIaren ehunekoa kontuan hartuta, orain hamabost edo hogei urte baino diru gutxiago bideratzen dela pentsioetara, nahiz eta 1,3 milioi pentsiodun gehiago egon.

Greba «erantzukizun ariketa bat» dela uste du Etxaidek, erreformak langileen eskubideak nabarmen gutxituko dituelako. Sistema publikoak pobreenak babesteko funtzioari uko egin diola gaineratu du. «Finantza sistemak eskatutako guztiari men egiten ari da sistema publikoa. Orain, bankak negozio gehiago egin nahi du; diru iturri berri bat izan, sistema pribatuaren bidez».

Pentsioen sistema publikoa «gizarte ereduaren oinarrizko zutabea» dela esan du LABeko idazkari nagusiak. «Hark zehazten du benetan eskubideak ditugun herritarrak garen edo ez garen».

Urtebete eta erdian gehiengo sindikalak egingo duen hirugarren greba orokorra izango da. 2009ko maiatzaren 21ean egin zuten aurrena, eta aurten, ekainaren 29an, hurrena. Sektore publikoko greba ere elkarrekin antolatu zuten.

«Muturreko tresna hori behin eta berriz erabiltzeak agerian uzten du haien arrazoiak deialdian argudiatu baino urrunago doazela, greba guztiak PSE-EE alderdia gobernura iritsi zenetik izan baitira», esan du Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez.

Langile gutxik egingo dutela bat deialdiarekin uste du. «Herritarrek jakingo dute arriskuan dagoena baloratzen eta arduratsu jokatzen, aurrekoetan gertatu den bezalaxe». Eskaera bat egin die Jaurlaritzak sindikatuei.«Erabaki ororen aurka egon eta greba orokorrak deitzeaz gain,argitu behar dute zer egin nahi duten beren herriaren alde».

Ufadei jarraipenik ez

Gehiengo sindikalaren deialdia CCOOren ekintza sindikala «kontraprogramatzeko obsesioaren» harira datorrela esan du sindikatu horrek. «Protagonismo nahiagatik euskalsindikatu guztiek erantzun bateratua emateko aukera guztiak sakrifikatzea penagarria da», azaldu du. Inoren «ufadei jarraika» joateko asmorik ez duela dio sindikatuak. Alabaina, ez du baztertu pentsioen erreformaren aurkako mobilizazioak egitea egun berean. UGTren esanetan, urtarrilaren 27ko grebak ez ditu geraraziko gobernuaren erreformak. Langileen interesak alde batera uztea egotzi die bost sindikatuei.

Espainiako Gobernuak erretiroaren adina 67 urtera atzeratzeko proiektuari eusten badio, urtarrilean greba orokorrera deituko dutela adierazi zuten larunbatean CCOOk eta UGTk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.