GREBA OROKORRA IPAR EUSKAL HERRIAN. Greba mugagabea aztergai

Urtarrilaren 29ko manifestazioa bezain jendetsua izan da Baionakoa, enpleguaren eta soldatak igotzearen alde

Eneko Bidegain.
Baiona
2009ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
LKP ohoratuz ari dira kantuz NPA Alderdi Antikapitalista Berriko kide batzuk, manifestazioaren bukaeran. LKP mugimendua zen Guadalupen hilabete bat baino gehiago iraun zuen greba orokor handia sustatu zuena. Halako bat nahi dute «metropoliar erara». Eztabaida mahai gainean dago. Inoiz baino gehiago, atzoko manifestazio eta grebatik landa.

Indartsu sentitu dira sindikatuak. Goizeko eguzkiaren epelean abiatu dira milaka eta milaka lagun, Baionako Lan Boltsa aitzinetik. Manifestazioa bukatzerako, atorra has eta izerditan daude denak. Greba orokorrak sindikatuek nahi zuten arrakasta lortu du, Baionan bertan urtarrilaren 29an bezainbat lagun elkartu baitira, hala nola 10.000 eta 15.000 bitartean.

Adin guztietakoak bildu dira; denak enpleguaren eta eros ahalmenaren alde. «Guretzat ere garrantzitsua da enplegua izan dadin», dio Claude Graciet Postako erretretadun eta CGTko kideak. Erretretadunen pentsioak ere anitz apaltzen ari direla dio. Graciet bezala beste langile anitz izan da Baionan, soldatak igotzea eskatzeko, ez bereziki beren lantegian arazoak direlako. Eta ez daude amore ematekotan.

Guadalupeko eredua

Ramuntxo Salha Hendaiako Bonnet-Neve lantegiko CGTko ordezkariak mobilizazioan urrunago joan behar litzatekeela uste du. «Eman behar zaion jarraipena greba orokorra da. Guadalupen bezala». Sindikatuko bileretan ideia aipatzen hasiak direla aitortu du.

Christian Mimault autobideak kudeatzen dituen ASF enpresako kideak ere gustuko luke horrelako zerbait. «Nihaurek greba orokor eta iraunkorraren ideia planteatzen dut pertsonalki. Ez naiz sindikatuaren izenean mintzatuko. Pertsonalki ez nengoke aurka». Bere ustez, «entzunak izateko, herria blokeatu» behar da. «Sarkozyk Napoleonena egiten duelako».

LAB sindikatuak ere antzeko zerbaiten beharra badela erraten du. «Ikusi dugu jendea kopuru handian atera dela, bigarren aldiz», ohartu da Amaia Fontang LABeko burukidea. Langile batentzat lan egunak ondorioak dituela kontuan hartuz, horri garrantzia eman dio. «Langileek indarra egin badute, aldaketa nahi dutela erakutsi dute». Frantziako Gobernuak egin nahi dituen erreformen aitzinean, «erantzun azkar bat» eman behar dela gehitu du.Sindikatu guztiekin eta mugimendu sozial orokorrarekin elkarlanean ikusiko luke mobilizazio handi hori.

Ez du greba mugagabearen hipotesia baztertu Jean-François Mentaberri CGTko ordezkariak. «Greba iraunkor bat posible da. Posible da hasieran greba egun batzuk egitea. Sentitzen badugu jendeak segitzen duela, posible izanen da greba mugagabea antolatzea». Lehentasuna «sindikatuen arteko batasuna zaintzeari» eman dio. «Dena neurtu behar da eta antolatu. Ez da batere erraza, baina badakigu zerbait lor dezakegula». Azken mobilizaziotik landa, Nicolas Sarkozyk enpresariei lanbide zerga kenduz erantzun zuela salatu du Mentaberrik. «Hori ordezkatzeko, gure zergak igoko dituzte». Frantziako Gobernuak ez du otsailean iragarri zuena baino gehiago emateko asmorik. Sindikatuek presioa handitzeko abisua eman dute.



Enpresak laguntzeko xedea aurkeztu dute Baionan

Kontseilu Nagusiak enpresa txiki eta ertainak laguntzeko xedea onartuko du.Jean Casteings eta Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko presidente eta presidenteordeak aurkeztu zuten xedea, atzo, Baionan. Ekoizpen eta turismo alorrean diharduten enpresek ukanen duten laguntza horiek eskuratzeko eskubidea. 5.000 euro eta 50.000 euro artekoa izanen da, interesik gabeeta hiru-zazpi urteko iraupena ukanen du. horrekin batera, nekazaritzari datxekion industria indartzeko xedea ere onartuko du Kontseilu Nagusiak. Zazpi atal dituen proposamen bat eginen diete enpresei. Xede horrekin, bankuen diru maileguak sustatzea nahi du Kontseilu Nagusiak.



3 milioi

Manifestariak Frantzian. Orotara hiru milioi lagunek parte hartu zuten atzoko manifestazioetan CGTren arabera (1,2 milioi lagunek, Poliziaren arabera). CPEren kontrako 2006ko manifestazio jendetsuek baino lagun gehiago bildu zuten atzokoek.



14.500

Urtarrilaren 29koa. 14.500 lagun bildu ziren Baionan urtarrilaren 29an, sindikatuen arabera. Aspaldian ez zen hainbeste jende bildu Baionako manifestazio batean. Atzo ere beste hainbeste bildu zen, nahiz eta manifestazio erdian zulo handiak ziren jendearen artean.



Zerga muga kentzearen aurka jarraitzen du UMPk

Aurrekontua aipatu zuten atzo Frantziako diputatuek. Ezkerreko alderdiek berriz ere eskatu zuten zerga muga kentzeko. Hots, orain arte, zergak ezin dira irabazien %50 baino handiagoak izan. UMPk ez du onartu muga hori kentzea eta, beraz, aberatsenek zerga gehiago ordaindu behar izatea.



Enpleguaren murriztea, akziodunek etekinak egitea eta soldatak ez igotzea salatu dute manifestariek, sektore publikoko eta pribatuko langileak elkartu dituen manifestazioan.

Prekarietatea, lanaren ordez

E. Bidegain. Baiona

Zezenaren adarrak soinean, eskuz egindako pankartatxo bat darama emazte batek. Gizarte Segurantzarako dirurik ez eta zezenketak laguntzeko badela salatu du. Baionako enpleguaren poloan ez dutela baliabiderik aski diote bertako langile batzuek, A4 formatuko pankartatxo batzuk eskuan. «Krisiaren ondorioz, jende anitz dator guregana», dio horietako batek. «Lan karga handiagoa dugu, baina ez digute baliabide gehiago ematen».

Laguntza beharretan diren jendeak laguntzen dituzten langile sozialek oraino egoera txarragoa dute edo izanen dute, Richard Lapegueren arabera. «Gure lan baldintzak kudeatzen dituen hitzarmena kendu nahi dute». Ondorioetariko bat litzateke, gauaz eta igandeetan lan egiteagatik dituzten opor egunak galtzea.

Lekuko garapen ekonomikoan eragiten duen Ofizialeen Ganberak ere baliabide gutxiago ukanen du laster, Txomin Vouillat CFDTko ordezkariaren ustez. Egitura horiek guztiak Bordelen zentralizatzeko asmoaren kontra protestatzeko jaitsi da karrikara. «Enplegu batzuk kenduko dituzte; jadanik iragarri dute».

Kamioiak burdinbide gainean ezartzeaz arduratzen den Novatrans lantegiko Lionel Poissonek salatu du Mugerreko zentroan 26 langiletatik hamar kanporatzeko asmoa badela. Angeluko VVF opor zentroko langileak ere kexu dira, lanpostu andana bat kentzea iragarri baitute. «Horien ordez aldi baterako langileak, sasoilariak eta prekarioak hartuko dituzte, denbora biziki mugatuko kontratuekin», dio Madeleine Talagrand VVFko CFDTko ordezkariak. «Krisiaz baliatzen dira hori justifikatzeko. Baina etekin gehiago egitea da interesatzen zaien bakarra», erran du, bozgorailuetatik musika alaia ateratzen den bitartean.

«Akziodunen etekinak dira beti eta beti igotzen direnak. Soldatak, aldiz, ez dituzte igotzen, akziodunek etekinak egin ditzaten», salatu du Pierrette Perez osasungintza pribatuko FOko ordezkariak. «Sare pribatukoek ikusi dute osasungintzarekin dirua irabaz dezaketela», azpimarratu du Jean-Louis Dupin Baionako ospitaleko CGTko ordezkariak. «Ospitaleetako egoera txarra da. Baionan beldur gara sail asko ez ote diren desagertuko, eta jendeak ez ote duen eskualdetik kanpo joan beharko kalitateko artatzeak ukan ditzan».

Zerbitzu publiko txarra eskaintzen du SNCFk ere, Jean-François Mentaberri SNCFko CGTko ordezkariaren iritziz. «Dena desantolatzen ari dira, eta horrekin zerbitzu publikoa desagertuko da. Enplegua desagertuko da, baina erabiltzaileak ere gaizki izanen dira». Hiri handietan garraio publikoa kalitatekoa izan badaiteke ere, Ipar Euskal Herrian utzia dela salatu du. «Hemen burdinbidea ez dute berritzen, beti eta gaizkiago dago, Garazi-Baiona linea bereziki. Ez bada zerbitzu ona, jendeak autoa hartuko du eta tren zerbitzua desagertuko da».

Baliabideak irakaskuntzan ere murrizten ari direla deitoratu du Cathy Petrissans SNUipp irakasleen sindikatuko kideak. «Pirinio Atlantikoetan 170 ikasle gehiago ukanik ere, 25 postu kendu dituzte. Eskola anitzetan 30 ikasle ibiltzen dira geletan. Hori sobera da». Zailtasunak dituzten haurrak laguntzeko postu bereziak ere kendu dituztela gehitu du.

Irakaskuntza pribatuan hainbat enplegu kendu dituztela dio Jean-Louis Goienetxe CFDTko kideak. «Hori egin dute, beste irakasleei ordu gehigarriak eginaraziz. Hori da Sarkozyren gehiago lan egin, gehiago irabazteko leloaren emaitza». Irabazi, ez dute gehiago irabazten. Sare publikoko irakasleek azken hogei urteetan eros ahalmenaren %20 galdu dutela dio Petrissansek. Pribatuan hasten diren irakasleen soldata urtetik urtera, Smic gutxieneko soldataren heinera apaltzen ari dela salatu du Goienetxek.

Igandeetako lanaren kontra greba egiteko trabak jasan dituzte saltegi batzuetan

Greba egin dute saltegietako langile anitzek. Baina ez aise. Zenbait saltegitako nagusiak «presioak» egin dituztela salatu du Christophe Punzano Castoramako CGTko ordezkariak. «Greba egin nahi dutenei ulertarazten diete greban hasten badira ez dutela gizartean aurrerapausorik eginen, ordutegi txarragoak ezarriko dizkietela eta larunbatetan eta igandeetan lan egin behar izanen dutela». Saltegiak igandeetan irekitzearen aurka protestatu zuten, batez ere, atzo. «Erraten dute nahi duena joan daitekeela bakarrik igandeetan lan egitera. Ikusiz zein soldata apalak diren eta igandeetan doblea pagatzen dutela, langileek ez dute hautu handirik. Gainera, langileei presioa egiten diete, erranez igandeetan ez badira joaten larunbatak ez dituztela libratzen ahalko».

«Demagogiatik zerbait badu enpresaburuekenplegua ez dutela defendatu nahi errateak»

LAURENCE PARISOT
Medef-eko burua
«Frantziako Gobernuak badaki gure proposamenen berri, eta biziki serioski erantzun behar digu»

FRANÇOIS CHEREQUE
CFDTko idazkari nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.