Espainia

Greba orokorrera deitu dute Espainiako CCOO eta UGT sindikatuek

Aurreko egunetan zabaldu den bezala, azaroaren 14rako greba orokorrerako deialdia egongo da Espainian. CCOO eta UGT sindikatuetako zuzendaritzek gaur hartu dute erabakia.

Berria.info
2012ko urriaren 19a
15:33
Entzun

Jada jakina zena baieztatu dute Espainiako CCOO eta UGT sindikatuek: herritarrak greba orokorrera deituko dituzte azaroaren 14an. Gaur hartu eta jakinarazi dute erabakia bi sindikatuetako zuzendaritzek. Sindikatuek hartu dute erabakia, baina arratsaldean Gizarte Gailurrean aurkeztuko dute. Gizarte Gailurreko ordezkari nagusiak CCOO eta UGT dira, baina 150 gizarte taldek ere parte hartzen dute. 

Azaroaren 14a mobilizazio eguna izango da Europako Batasunean, CES Europako Sindikatuen Konfederazioak antolatuta. Greba Europako beste herrialde batzuetara zabaltzea ere "litekeena" dela esan du Fernando Lezcano CCOOko komunikazio arduradunak, "batez ere hegoaldera". Portugalen azaroaren 14a greba eguna izango da. Maltan eta Zipren ere borrokarako deia egin diete langileei egun horretarako, eta baliteke han ere greba orokorrerako deialdia egitea. Sindikatuak aztertzen ari dira. Grezian agian greba egingo dute (atzo egin zuten azkena). Italian zailagoa ematen du.

Euskal Herriko sindikatu abertzaleek, ELAk eta LABek, datozen egunetan aztertuko dute grebarako deialdia. Euskal Herrian ere grebara deituko duten ez dute erabaki oraindik. Horretarako irailaren 26ko greban bidelagun izan zituzten sindikatuekin (ESK, EILAS, Hiru, EHNE, CGT eta CNT) eta gizarte taldeekin (50 baino gehiago) bilduko dira. Krisia lehertu zenetik normalean ELAk eta LABek deialdi bateratuak baina grebarako deialdi propioak egin izan dituzte. Duela gutxi egin zuten azken greba, irailaren 26an.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.