greba

Greba orokorrera deitu dute maiatzaren 30erako Hego Euskal Herrian

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta 60 gizarte eragile inguruk egin dute deialdia. 'Eskubide sozial eta laboral duinak' leloa izango du. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren ustez, "mobilizazioa da bide bakarra politika hauek aldatzeko". Confebaskek uste du "arduragabekeria" dela deialdia, eta "tokiz kanpo" dagoela. 

2013ko apirilaren 19a
19:22
Entzun

Gaur hartu dute erabakia sindikatu eta eragile horiek osatzen duten Gune eztabaidagunean. Eztabaidagunea joan den astelehenean bildu zen, eta hor aztertu zuen deialdia maiatzaren 30erako egitea. Aste barruan sindikatu eta gizarte taldeek barne eztabaida egin dute, azken erabakia hartzeko.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Ainhoa Etxaide LABekoak agerraldia egin dute arratsaldean Bilbon, gainerako sindikatu deitzaile eta gizarte taldeetako ordezkariekin. Eskubide sozial eta laboral duinak leloa izango du grebak.

Sindikatuetako ordezkariek irakurritako oharrean adierazi dute "beharrezkoa dela" deialdia, "gobernu ezberdinetatik eskubideei egiten zaizkien erasoen aurrean 'nahikoa da' esateko".

Muñozek esan du "ahalegin bat" egin behar dela "alternatibarik ez dagoela eta mobilizazioak ezertarako balio ez duela esaten duten gobernuei erantzuteko". "Mobilizazioa da bide bakarra politika hauek aldatzeko; greba orokorra krisi honen galtzaileen itxaropena defentsa kolektiboan dago", gaineratu du.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren iritziz, sindikatuek denbora daramate eredu sozialaren aldeko aldaketa politiko bat aldarrikatzen, "krisi honek duen alternatiba bakarra eredu berri bat delako". Uste du greba orokorra "aldaketarako palanka" izango dela.

Zortzigarren deialdia

Maiatzaren 30eko greba deialdia zortzigarrena izango da krisia hasi zenetik. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak apirilaren 3an hedabideetara igorritako artikulu batek ez zuen zalantzarako aukera handirik ematen greba orokorrera deitzeko zeuden aukera handien inguruan. Greba orokorrerako arrazoiak zen idatziaren izenburua. Agiri horretan grebara deitzera ez zen iritsi Muñoz, baina bidea prest utzi zuen: "Esperimentu totalitario bat pairatzen ari gara; pobreen aurkako gerra egin nahi dute. ELAren ustez, soziala den guztia eraisteko erabaki horri greba orokorrarekin erantzun behar diogu. Ezinbestekoa da, politika alternatibo bati balioa emateko".

Martxoaren 15ean, berriz, BERRIAn argitaratutako elkarrizketan, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere antzeko hitzak baliatu zituen greba justifikatzeko: "Apirilean eta maiatzean erabaki garrantzitsuak datoz, eta denak langileen kontrako erasoak. Horrek erantzuna eskatzen du, eta, erasoaren neurria ikusita, ahalik eta erantzunik handiena eman behar da LABen iritziz; erantzun handiena greba orokorra da".


   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.