Ekonomia

Greba orokorrera maiatzaren 30erako deitzea aztertzen ari dira sindikatuak eta hainbat gizarte eragile

ELA, LAB, EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuek deituko lukete lanuztera Hego Euskal Herrian, ELA sindikatuko iturriek BERRIAri berretsi diotenez. Luze gabe jakinaraziko dute sindikatuek eta gizarte eragileek grebara deituko duten behin betiko eguna, Gune eztabaidaguneko hurrengo batzarraren ondoren.

xabier martin
2013ko apirilaren 17a
19:59
Entzun

Azken asteetan ELA eta LAB sindikatuek greba orokorra iragartzeko aukera zabalik zutela esan ondoren, Hego Euskal Herrian grebara deituko dutela berretsi diote kazeta honi ELAko iturriek. "Gune eztabaidagunean mahairatu zen greba orokorrera deitzeko aukera astelehen honetan, eta maiatzaren 30a, osteguna, finkatu zen greba egun gisa". ELA, LAB, EILAS, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuak nahiz beste 60 bat gizarte taldek osatzen dute Gune eztabaidagune nazionala.

Sindikatu eta talde bakoitzaren erabaki organoetan dago uneotan greba orokorra antolatzeko egun hori. Haren egokitasunaren inguruan erabaki behar du orain talde bakoitzak, eta euren azken proposamena Guneren hurrengo batzarrera eraman. Batzar egun horretan erabakiko dute lanuztera deitzeko behin betiko eguna. "Luze gabe" izango da hori. Alegia, aste honetan bertan edo hurrengoaren hasieran etor daiteke greba orokorraren deialdi ofiziala.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek berretsi du greba orokorrera deitzeko aukera mahai gainean dagoela, baina ukatu egin du eguna (maiatzaren 30a) erabakita dagoenik. "Luze gabe gizarte taldeen batzarra dago, eta hor ikusiko da, greba deialdirik baden eta hala izanik zer egunetan den".

Edonola ere, greba orokorrerako deialdia egitea erabakitzen duten bezain laster jakinaraziko dutela esan du Etxaidek. "Ez zaigu gustatzen gauzak luzatzen egotea. Zein egun izan daitekeen ez da garrantzitsua, egiten eta zertarako egiten den baizik".

Negoziazio kolektiboari dagokionez, Confebask patronala salatu du, ”langileen oinarrizko eskubideak errespetatu gabe negoziatu nahi dutelako”. Uztailaren 7ko eguna gogoratu du, itunak berritzeko muga, lan erreformak hitzarmenak bertan behera utzi baino lehen.

Zazpigarren deialdia

Maiatzaren 30eko greba deialdia zazpigarrena izango litzateke krisia hasi zenetik, ELAk eta LABek sostengatzen duten seigarrena. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak apirilaren 3an hedabideetara igorritako artikulu batek ez zuen zalantzarako aukera handirik ematen greba orokorrera deitzeko zeuden aukera handien inguruan. 'Greba orokorrerako arrazoiak' zen idatziaren izenburua. Agiri horretan grebara deitzera ez zen iritsi Muñoz, baina bidea prest utzi zuen: "Esperimentu totalitario bat pairatzen ari gara; pobreen aurkako gerra egin nahi dute. ELAren ustez, soziala den guztia eraisteko erabaki horri greba orokorrarekin erantzun behar diogu. Ezinbestekoa da, politika alternatibo bati balioa emateko".

Martxoaren 15ean, berriz, BERRIAn argitaratutako elkarrizketan, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere antzeko hitzak baliatu zituen greba justifikatzeko: "Apirilean eta maiatzean erabaki garrantzitsuak datoz, eta denak langileen kontrako erasoak. Horrek erantzuna eskatzen du, eta, erasoaren neurria ikusita, ahalik eta erantzunik handiena eman behar da LABen iritziz; erantzun handiena greba orokorra da".

Uztailean ehunka mila langile lan hitzarmenik gabe gera daitezke Hego Euskal Herrian, Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformak finkatzen duen ultraaktibitatearen amaiera dela eta; negoziazio kolektiboa ez atzera ez aurrera dago, eta aldeak oso urrun daude. Patronalak, Confebask buru dela, sarritan adierazi du lan erreformak eskaintzen dizkion baliabideak erabiltzeko prest dagoela, adibidez, deskuelgeari eta ultraaktibitateari dagokien puntuetan. Metalgintzan ere arrakala handia dago sindikatu eta patronalaren artean, batez ere Gipuzkoan, Adegi eta sindikatuen artean.

Lan hitzarmenak berritzen ez badira, "borroka" agindu dute orain baino lehen ELA eta LAB sindikatuek, eta greba orokorra maiatzaren 30ean egiteko deialdia behin betikoa izaten bada, deialdi hori itunak berritzeko epearen barruan iritsiko litzateke, hilabete eta erdi eskas lehenago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.