Murrizketak. Manifestazioa Bilbon

Greba orokorrerako berotuta

Milaka lagun bildu dira Bilbon murrizketen aurka eta eskubide sozialen alde, sindikatuek eta gizarte eragileek deitutaMartxoaren 29ari begira, mobilizatzea «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute

Manifestazioaren deitzaileen ordezkariak, manifestazioaren buruan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Pankarta, mezu, aldarri eta xehetasun ugari, baina kezka bakarra: murrizketak, ekonomikoak, eskubide sozialenak ere ekarriko dituztenak. Une hori hel ez dadin milaka lagunek bete zituzten atzo arratsaldean Bilboko kaleak, ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, EHNE eta Hiru sindikatuek eta 70 gizarte eragilek baino gehiagok deituta. Ezinbestean, martxoaren 29ari begira egin zuten murrizketen aurkako manifestazio nazionala. Antolatzaileen arabera, 20.000 pertsonak hartu zuten parte greba orokorrerako berotze ariketan.

Manifestazio handia izan zen, eta prestakuntzan antzeman zen. 18:00etan puntuan atera zen Jesusen Bihotza plazatik, baina deitzaileek aurreko hogei minutuak eman zituzten pankarta guztiak antolatzen. Mugi gaitezen gure eskubideen alde. Ongizate estatua jopuntuan lelodunak ireki zuen bidea, eta haren atzetik beste dozena erdi mezu plazaratu zituzten deitzaileek, hala nola Aurre egin iruzur fiskalari; Emakumeok murrizketen aurka; eta Zerbitzu sozial, publiko, unibertsal eta doakoak.

Zenbait kolektibok ere hizki handitan adierazi zuten haien ezinegona. Bermudezeko 46 langileek kaleratzeko bidean daudela gogorarazi zuten, Barakaldo eta Galdakaoko (Bizkaia) dendetan ematen dituzten poltsak soinean jantzita. Kafe makinekin lan egiten duten Demaneko beharginek ere jakinarazi zuten hilabete daramatela greban, Madrilen onartutako erregulatzeko dosierra ez aplikatzeko. Pensionistak Martxan-ekoek, berriz, erreforma ez ezik, zerbitzu publikoak bi aldiz ordaintzea gaitzetsi zuten. Eta Euskal Herriko Langabeek pankarta handiak eskegi zituzten Kale Nagusiko espaloi batetik bestera: Kutxabank eta besteak, lapurrak.

Ildo horretatik ere jo zuten aldarriek, dirua falta beharrean, «lapurrak sobera» daudela oihukatzen baitzuten manifestazioan parte hartu zutenek. Martxoaren 29rako greba orokorrerako deia ere presente egon zen Areatzarainoko ibilbidean. Martxak aurrera egin ahala, kale ertzetan zain zeuden zenbait kolektibok bat egiten zuten jende multzoarekin; Bizkaiko Foru Jauregira heltzean, emakumeen perkusio talde bat gehitu zitzaien.

Hil hasieratik atzeratuta

Bilakaera luzea izan du manifestazioak, atzo gauzatu zen arte. Hasiera batean funtzio publikoan eginiko murrizketen aurka antolatu zuten, otsailaren 4rako, bainaasteburu hartan elurra bota zuela eta, hiru astez atzeratu zuten. Hilaren 10ean lan erreforma onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta hura ere antolatzaileen jomuga bihurtu zen. Gutxira, martxoaren 29an greba orokorrera deitu zuten sindikatuek, eta hala, mobilizazio horren atarikoa bihurtu zen atzoko manifestazioa.

Ildo horretan mintzatu ziren deitzaileak ere. «Hilabete eta egun gutxi geratzen zaigu greba orokorrerako. Oso ondo aterako da, jendeak badakielako zer dagoen jokoan», esan zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Borroka egitea «erabat ezinbestekoa» dela erantsi zuen, «areago honelako momentuetan», botere politiko eta ekonomikoen «erasoa» geldiarazteko modu bakarra «gizarte mobilizazio handi bat antolatzea» delakoan.

Grebak militantziari «oxigenoa» emango diola uste du Muñozek, eta bere sindikatuko politika sozialen arduradun Mikel Novalek azaldu zuen zergatik egiten dioten mesede halako protestek: «Gaur bezala, milaka pertsona elkartzen gara, elkarri animatzen diogu, gai garela konturatzen gara, eta airea ematen diegu gure eguneroko borrokei».

Gizarte eragileek, berriz, mugarria iritsi dela ikusarazi nahi izan zuten. Langabeen asanbladek eta eskubide sozialen aldeko kolektiboek egindako deiari dozenaka talde batu izana egoeraren larritasunaren seinale jo zuten. Haien izenean Argilaneko kide Alex Henaresek adierazi zuenez, «gizarte osoari dagokio eskubide sozialak defendatzea, gizarte osoarentzat direlako».

Aitzakiarik gabe

Hartara, kalera ez ateratzeko aitzakiarik ez dagoela aldarrikatu zuen: «Defentsa horretan egon nahi ez dutenak pikutara bidaliko ditugu. Euren isiltasuna diruz laguntzen duen sistema ustel bat mantentzeko, eskubideen desagerpenean laguntzen dutenentzat ezin da errespeturik egon».

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek ere nabarmendu zuen mobilizazioa dela presioa egiteko eta parte hartzeko modu bakarra: «Murrizketen aurka, erreformen aurka, gobernuen erabaki bakoitzaren aurka, guk kalera ateratzen jarraituko dugu, krisi honek eskatzen duen lehen erabakia herritarrak babestea delako, eta gobernuak ez direlako hori egiten ari». Izan ere, haren ustez, instituzioek ateak itxi dizkiete herritarrei: «Haien erabakiak antidemokratikoak dira formetan, gure borondatearen kontra hartzen ari direlako, eta ondorioetan, gizarte guztiz antidemokratikoa ezartzen ari direlako».

Hori dela eta, arazoa ekonomikoa ez politikoa dela azaldu zuen Sonia Gonzalez LABeko Komunikazio arduradunak: «Euskal Herrian aberastasuna badago, baina ez da banatzen, ez delako lehentasuna. Iruzurra ez dugu bilatu behar gure auzoko igeltseroan; benetako iruzurra legezkoa da: lapurtzen digute, legeek uzten dietelako». Aldiz, gizarte laguntzak jasotzen dituztenak «iraintzea» deitoratu zuen, eta argitu zuen laguntza horiek ez direla opariak: «Gure lanaren fruitua dira, eta guk erabaki behar dugu gure lanaren fruituarekin zer egin». Baina erabaki ahal izateko mobilizatzea beharrezkoa dela berretsi zuen, martxoaren 29ra begira. «Jada ez da aldarrikatzeko unea, egitekoa baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.