Grebak eragin handia izan du, batez ere industrian eta merkataritzan

Ondorio nabarmenak izan ditu Gipuzkoan, Bizkaiko herrietan eta Nafarroa iparraldean; gutxiago Araban, Ezkerraldean eta Erriberan

jakes goikoetxea
Donostia
2009ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk kolpe indartsua jo dute mahai gainean. Hainbat mezu helarazi dizkiete Hego Euskal Herriko administrazioei eta enpresaburuei, atzoko greba orokorraren bitartez: hor daudela, elkarrekin lan egin dezaketela, indarra dutela, erabakiak hartzeko orduan aintzat hartu behar direla eta ez dutela edozein erabaki onartuko.

Funtsean, langileak sortu ez duten krisi baten ondorioak ordaintzeko prest ez daudela salatu dute, eta eredu ekonomiko etasozial berri bat behar dela. Mobilizazioen bitartez, gainera, elkartasuna erakutsi nahi izan zieten krisiaren ondorioak jasan dituztenei eta jasaten ari direnei.

Deitzaileen esanetan, sektore eta enpresa guztietako gehiengo zabalak bat egin zuen grebarekin eta deialdiak «arrakasta handia» izan zuen. Eskualde batzuetan besteetan baino gehiago: Gipuzkoan, Nafarroako iparraldean eta Bizkaiko herrietan gehienbat; Araban, Ezkerraldean eta Erriberan askoz ere gutxiago.

Grebaren eragina nabarmena izan zen merkataritzan eta industrian. Enpresa handi eta ezagun batzuetan lan egin bazuten ere, gainerakoetan grebak ondorioak izan zituen.

Industriari dagokionez, lanuzteak 50 langiletik gorako enpresetan izan zuen eragina neurtu zuten sindikatuek: lanuztea %70etik gorakoa izan zen Gipuzkoako hiru enpresatik bitan, eta Arabako eta Bizkaiko bitik batean. Ez zuten Nafarroari buruzko datu zehatzik eskaini, baina aipatu zuten eragina «oso handia» izan zela Sakanan eta «nabarmena» Iruñerrian.

Lanuztea %30etik gorakoa izan zen Gipuzkoan bost enpresatik lautan, Araban lautik hirutan eta Bizkaian hirutik bitan.

Horrez gain, sindikatuek deitutako manifestazioak, bai goizekoak, bai arratsaldekoak, oso jendetsuak izan ziren, aspaldiko jendetsuenak Gasteizen eta Iruñean.

«Zenbakien gerra»

ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk saihestu egin nahi izan zuten administrazioekin eta patronalarekin grebaren jarraipenari buruzko «zenbakien gerran» hastea. Baina batzuek eta besteek emandako zenbakiek errealitate ezberdinak eta elkarrekin bateraezinak islatu zituzten.

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarteek grebak izan zituen ondorioak gutxietsi nahi izan zituzten. Kasu guztietan greban langileen %20 baino gutxiagok parte hartu zutela esan zuten. Confebasken arabera, grebak «gehienez» %11-12ko jarraipena izan zuen eta «erabateko porrota» izan zen.

Carlos Zapatero Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak eguerdian egin zuen agerraldia greba eguna baloratzeko. Onartu zuen orduan eskainitako datuak «oso behin-behinekoak» zirela.

Jaurlaritzaren esanetan, administrazio publikoetako langileen %15ek egin zuten greba. Eusko Jaurlaritzari berari dagokionez, %10,8k. Osakidetzan %6k eta hezkuntzan %23k. Aintzat hartubehar da hezkuntzako hainbat langilek lan egin behar izan zutela atzo, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeko.



Zazpi lagun atxilotu dituzte mobilizazioetan

Ertzaintzak eta udaltzainek zazpi lagun atxilotu zituzten atzo, greba egunean izandako ekintzengatik edo istiluengatik. Ekintza ikusgarriena Bilbon egin zuten: bi lagun Areatzako zubitik zintzilik jarri ziren, bakoitza zubiaren alde batean, baina biak soka berarekin lotuta, 13:30 aldean. Ondorioz, zirkulazioa eten zuten. Ertzaintzak atxilotu egin zituen. Donostian pikete bateko kide bat atxilotu zuten, 07:00etan, ustez hiriko autobusak ateratzea oztopatzeagatik. Gasteizen bi lagun atxilotu zituzten: bata El Corte Inglesen aurrean bildutako pikete bateko kidea zen; bestea, berriz, herenegun ikastola bateko sarrailan silikona jartzen ari zen, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera. Trapagaranen (Bizkaia) pertsona bat atxilotu zuten, greba orokorraren inguruan izandako gorabeherengatik. Irunen (Gipuzkoa) ertzain bati erasoa egitea leporatu zioten pertsona bati.

Renferen tren zerbitzuak eten egin zituzten Gipuzkoan, Tolosa eta Legorreta artean eta Ategorrietan (Donostia). Baita Feverenenak ere, Balmaseda eta Zalla artean (Bizkaia)







Gutxieneko zerbitzuei buruzko eskaera, bertan behera

EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zituen grebara deitu zuten sindikatuek gutxieneko zerbitzuei aurkeztutako helegiteak. Sindikatuen esanetan, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak betez gero greba eskubidea urratuko litzateke. Jaurlaritzak, estreinakoz, eskola publiko eta pribatu guztiak irekitzera behartu ditu. Sindikatuen esanetan, gainera, aurreko greba orokorretako gutxieneko zerbitzuak baino handiagoak ezarri ditu, garraio publikoan %30ekoa, esaterako. EAEko Auzitegi Nagusiak herenegun erantzun zien gutxienezko zerbitzuek ez dutelagreba eskubidea urratzen eta grebaren eragina handia izatea ahalbidetzen dutela.







%0-90

Eudelen balorazioa: Grebaren oihartzuna «%0 eta %90 bitartekoa» izan zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bost milatik gorako 30 herritan, Eudelek Eusko Jaurlaritzari emandako datuen arabera. Herri txikienetan eragina handiagoa izan zela esan zuen.







Grebak oihartzun handiaizan du Interneten

Manifestazioetara joatea zen greban parte hartzeko moduetako bat atzo. Beste bideetako bat Internet zen. Sarean erantzun handia izan zuen protestak. Hainbat bideo, argazki eta albiste jarri zituzten www.grebaorokorra.info gunean. Sustatu.com-ek Twitter bidez jarraitzeko aukera eman zuen.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.