Lan baldintzak

Grebak eta lan gatazkak ugaritu egin dira urte hasieran

LHK-k ohartarazi du negoziazio kolektiboa ez dela oraindik suspertzen ari, Araban izan ezik. Enpleguaren kalitateak behera egin duela egiaztatu du 2016ko txostenean.

LHK Lan Harremanen Kontseiluko txosten soziolaboralaren aurkezpena. Eskuinean, Tomas Arrieta kontseiluko presidentea. MONIKA DEL VALLE /ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko uztailaren 19a
07:24
Entzun

Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) joan den urteari eta aurtengo lehen hilabeteei buruzko gizarte eta lan azterketa aurkeztu du, Bilbon. Lau ondorio nagusi atera ditu: susperraldia egonkortu egin da, enpleguaren kalitatea murriztu egin da, negoziazio kolektiboak erritmoa hartu gabe segitzen du, eta lan gatazkak ugaritzen ari dira, bereziki 2017. urtea hasi zenetik.

Urteko lehen bost hilabeteetan 90 greba egin dira, joan den urtean baino 25 gehiago. Lanuzteetan 25.000 langilek parte hartu dute —iaz 5.700 izan ziren—, eta 44.500 lan jardunaldi galdu dira —joan den urtean 17.100 izan ziren—.

"Negoziazio kolektiboa ez da oraindik normalizatu", adierazi du Tomas Arrieta LHK-ko presidenteak, txostenaren aurkezpenean. Salbuespen bat jarri du, hala ere: "Araban egoera hobea da". Azkenaldian eraikuntzan, ardo merkataritzan eta salgai garraioan itunak sinatu baitira. Ez ditu propio aipatu, baina Arrietak iradoki du aldaketa hori CCOOk eta UGTk herrialdean duten ordezkaritza zabalagoarekin lotuta dagoela.

Lan erreformaren ondorioak

2012. urtean PPk ezarri zuen lan erreformaren ondorioak islatzen dira negoziazio kolektiboaren argazkian. Ultraaktibitatearen amaierak Espainiako akordioetako baldintzen menpe jarri zituen 20.000 langile baino gehiago, eta egoera horri ez zaio bueltarik eman.

Enpleguaren bilakaerari ere zabal erreparatu dio kontseiluak. Lanpostuen egonkortasuna, lanaldia eta baldintzak —soldatak, batez ere— aztertu ditu, eta argi du Arrietak: "Enpleguaren kalitateak erorketa esanguratsuak izan ditu hiru alorretan". Aldi baterako sinatzen diren kontratuen erdiek hilabete baino gutxiago irauten dute, eta kontratazioen %40k lanaldi partzialak dituzte. Itunetan ezarritako soldata igoerak apur bat handitu dira aurten —%1,34; iaz, %1,01—, baina hazkundea inflazioaren azpitik geratu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.