«Greba orokorrek eta mobilizazioek ez dutela ezertarako balio pentsarazteko abilezia dauka sistemak, eta pertsona askok hori pentsatzen du». Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, ordea, grebari eraginkortasun handia ikusten dio: «Lorpen sozial guztiak borrokan lortu dira, mobilizatuz eta kalera ateraz». Horregatik, orain gizartea mobilizatzen ez baldin bada «txikitu egingo gaituzte», haren esanetan. Greba orokorrak tresna baliagarriak direla esan du, eta botere ekonomiko eta politikoak sortzen duen «beldurrari» aurre egiteko mobilizazioarekin erantzun behar zaiola aldarrikatu. Izan ere, «beldurra sortzen ez badute, ez dira ezer; eurentzat beharrezkoa da».
Hori dela eta, beldurrak uxatzeko bidea «kolektiboki» egin behar delako, bihar kaleak hartzeko deia egin diote gizarteari ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek eta hainbat eragile sozialetako ordezkariek. Dei horrekin hasi dute «aste garrantzitsu hau».
Muñozek egin duen larrialdi egoeraren ikuspegia partekatu du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere: «Beharrezkoa da erantzuna antolatzea», haren esanetan. Biharkoarekin, bosgarren greba deialdia izango da krisi ekonomikoa hasi zenetik, eta ibilbide horretan mugimendu sozial eta sindikatuek egin duten lana azpimarratu nahi izan du Etxaidek: «Une honetan inork gutxik defendatzen du politikan egindako murrizketek emaitzak izango dituela». Horrez gain, gogorarazi du multzo sozial «handi» batek ere amore ez emateko jarrera erakutsi duela. Baina hor arazo bat sortzen da: «Gure politika sozialak alboan izango ditu politika eta erakundeak?». Hori lortzea izango da, halaber, grebaren helburuetako bat.
Politikari presio egiteko ere beharrezkoa izango da politika, hala uste du Muñozek. «Politikari interpelatu egin behar zaio, hori sentitu beharra dauka». Hori egin ezean, politikari nahi duena egiteko bidea ematen baitio. Adibide gisa, Portugalgo egoera gogorarazi du ELAko ordezkariak. Duela hamar egun, Pedro Passos Coelho lehen ministroak murrizketa gogorrak aurkeztu zituen, eta «adierazpenaren ondoren egon diren mobilizazioekin gobernuak bere jarrera berriz pentsatzera eraman du herriak». Horregatik, biharko grebak eragina izan dezakeela ere gogorarazi nahi izan dute eragile sozial eta sindikalek.
Agenda propioa garatzen
2009ko maiatzean greba orokorrera deitu ondoren, euskal gehiengo sindikalak hasi zuen bideak gaur egun arte jarraitu du. «Agenda sozial propio bat garatzen hasi ginen, krisi honen aurrean kalera irten eta alternatibak sortzeko», Etxaidek esan duenez. Horregatik, mobilizazioetara deitzeko garaian botere ekonomiko eta politikoaren erabakiei begiratzen badie ere, «ez dugu zertan zain egon; gure agenda propioa garatu beharra daukagu», esan du Muñozek. Horregatik, biharko greba orokorra etorkizunean etor litekeen pentsioen erreformaren aurka eta etzi Espainiako ministroen kontseiluak aurkeztuko dituzten aurrekontuen aurka ere egingo da, neurri horrek «murrizketa gehiago ekarriko dituelako».
Beraz, eragile sindikal eta sozialek euren alternatibak aurkezten dituzte. «Beste bide bat badago, aberastasuna egon badagoelako», LABeko ordezkariak esan duenez. Horren adibidetzat jarri du Europako Batasuna aztertzen aritzea posible ote den ESM erreskate funts iraunkorraren gaitasuna laukoiztea, 500.000 milioi eurotik bi bilioira. «Dirua, beraz, badago, nahi denerako jartzen baita». Horregatik, banaketa justuago bat eskatu dute sindikatuek. Gainerakoan, Etxaide ziur dago Euskal Herriak gaitasunak eta baliabideak dituela ekonomia errealean oinarritutako eredu bat indartzeko. Beraz, oinarri horiek lituzkeen agenda garatzea lehenetsi du, «krisiak eskatzen duen irtenbidea garatzeko».
Baina Etxaidek uste du sindikatu eta eragile sozialen agenda horrek erakundeetan eta politikan ere eragina izan beharko lukeela, eta, horregatik, hiru ardatz azpimarratu ditu. Batetik, Espainiako Gobernuak ezartzen dituen murrizketei aurre egitea, eta leku bakoitzean egongo liratekeenak ere atzera botatzea, «hori litzateke abiapuntua»; politika sozialak aldatzea ere beharrezkotzat jo du LABeko idazkari nagusiak, «aberastasuna banatzetik hasita»; eta azkenik, euskal erakundeek euren politikak egiteko gaitasuna eduki dezatela eskatu du, «euskal esparruaren defentsa egiteko erabaki politiko eta ekonomikoen bidez». Eta hori zergatik? «Erabaki horiek gure esku egotea ezinbestekoa delako, eta politika propioak egitea izango delako, halaber, modu bakarra jendarteari parte hartzea ziurtatzeko».
Greba orokorra. Irailaren 26a
Grebak oraindik eraginkorrak direla aldarrikatu dute ELAk eta LABek
Politikari aurre egin behar zaiola adierazi dute sindikatu eta eragile sozialek, bestela arlo soziala «txikituko» dutelakoAlternatibak badaudela uste dute, «aberastasuna egon badagoelako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu