Grebalariei entzuteko eskatu die ezker abertzaleak EAJri eta PSOEri

Erreforma garaipen gisa saltzea herritarrak «tenteltzat hartzea» dela adierazi du Alternatibak

Miren Garate.
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Herenegun Hego Euskal Herrian egindako greba orokorrari garrantzia kendu beharrean, orduan egindako aldarrikapenei kasu egiteko eskatu die ezker abertzaleak EAJri eta PSOEri. Haren esanetan, aldaketa eskatzen duen masa kritiko handia dagoela erakutsi zuen mobilizazioak, eta gehiengo sindikalak erakutsitako «ausardia,koherentzia eta konpromisoa» txalotu ditu. Urte eta erdian egindako hirugarren greba orokorrean sindikatuek milaka eta milaka pertsona aktibatzea lortu zutela azaldu du.

Ildo beretik mintzatu da Alternatiba. Zapatero ezkerreko printzipioez ahaztu dela uste du, eta beste behin ere PPri lan zikina egin diola. EAJri, berriz, Espainiako Gobernuarekin bat egitea leporatu dio. «Ez da jarrera berria, baina beste behin ere argi geratu da zein ezberdintasun gutxi duten EAJk, PSOEk, PPk eta eskuineko gainerako indarrek. Langileei urte askoan kostata lortutako eskubideak kenduko zaizkiela adierazi du Oskar Matute bozeramaileak. Erreforma garaipen gisa saltzea «herritarrak tenteltzat hartzea» da, haren iritziz. Greba orokorra baloratu egin du alderdiak.

Gehiago kotizatzearen aurka

Hamaikabatek Gizarte Segurantzaren eskumena eskatu du, euskal pentsio sistema propioa lortu ahal izateko. Urte gehiagoan kotizatu behar izatearen aurka agertu da. «Jarraikortasuna eskatzen du neurri horrek. Espainiako lan merkatuan, ordea, prekarietatea eta aldi baterakotasuna dira nagusi». Horrez gain, Toleko Itunaren aholkuei kasurik ez egitea gaitzetsi du. «Lan munduan jarraitzea norbere borondatearen esku uzteko eskatu zuen, baina saihestu egin dute neurri hori», esan du alderdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.