Irakaskuntza

Grebara deitu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakaskuntza publikoko langileak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko langileek hiru urte daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta horren erantzulea Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila dela iritzita, greba deialdia egin dute EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek. Datorren astearterako Gipuzkoako langileak deitu dituzte grebara, ostegunerako Arabakoak, eta hilaren 30erako (astelehena) Bizkaikoak. Eskola publikoak erronka eta betebehar berriak dituela, baina administrazioak baliabideak ukatzen dituela iritzi diote.

2006ko azaroaren 13a
18:56
Entzun
EILAS sindikatuko Jon Muñozek azaldu duenez, "eskolak aldaketa izan arren, administrazioak ez ditu ezarri egoera berri horri aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak, aitzitik, hezkuntza sailak zero kostuko negoziazioa planteatu du".

Aurreneko aldiz, irakaskuntzako langile guzti-guztiei eragiten die greba deialdiak, alegia, irakasleei, lan-legepeko hezitzaileei, sukaldeko langileei, garbiketakoei eta autobusetako langileei. Denera, 25.000 dira.

Maiatzean negoziazioak eten zirenetik Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Tontxu Kanposi eta administrazioari jarrera aldatzeko behin baino gehiagotan eskatu dietela gogorarazi dute sindikatuek, baina haiek "edukiez betetako negoziazioei" uko egin diotenez, greba egunen deialdiaren ardura "Administrazioaren axolagabekeriarena" dela azpimarratu dute.

Grebaren helburua lan baldindak hobetzeaz gain eskola publikoa eta irakaskuntza kalitate hobetzea ere badela azaldu dute sindikatuek, eta horretarako, honakoak dira egiten dituzten eskaeretako batzuk: figura berriak ezartzea, 55 urtetik gorako irakasleei irakastorduak (ez lan orduan) murriztea, egonkortasun konpromisoa mantentzea, ratioak egokitzea, lan-legepeko ordezkoei udako kobraketa onartzea, baja guztiak ordezkatzea, ordainsarien erosteko ahalmena mantentzea, eta langile finkoen eta ez finkoen lan baldintzak parekatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.