Udak murrizketa uholde bat ekarri du. Beste bat. Espainiako Gobernuak uztailean iragarritako neurriek beste estualdi batean jarri dituzte ordura arte ura gerriaren bueltan zutenak; leporaino bustirik zeudenak, ordea, itotzeko arriskuan geratu dira. Neurriok herritar guztiengan izango dute eragina modu batean edo bestean, baina badira horiek gainditzeko ahalegin berezia egin beharko dutenak: langile publikoak —Eguberrietako saririk gabe geratzeko atarian—, saltoki txikiak —merkealdien eta ordutegien liberalizazioa dela eta—, langabeak —langabezia sariaren mozketengatik—, mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileak —%15eko jaitsiera laguntzetan— eta kontsumitzaileak —BEZaren igoerarekin—.
Oraindik neurrietako batzuk Hego Euskal Herria osoan ezarriko ote diren eta noiz eta nola aplikatuko diren zalantzan badago ere, herritarrek ongi ikasia dute ikasgaia. Ezezkoen ondotik baiezkoak entzutera ohitu dira azkenaldian, eta zaila da gezur bera behin baino gehiagotan sinistea. Kaleratzeak ez zituela merkatuko hitzeman zuen Mariano Raxoi gobernuburuak, osasuna eta hezkuntza ez zituela ukituko, amnistia fiskalik ez zuela onartuko eta erreskatea ez zuela eskatuko, baina promes horiek guztiak bete gabe geratu dira. Herritarren artean bada etorkizuna oraina baino hobea espero ez duenik.
Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute mobilizatzea; aldarrikapenerako hurrengo geltokia: irailaren 26ko greba orokorra. Deialdigileen artean dagoen aniztasunak argi islatzen du zenbateko eragina duten Espainiako Gobernuaren murrizketek. Zortzi sindikaturekin batera, 50 gizarte eragile inguru batu dira deialdira: pentsiodunenak, giza eskubideen aldekoak, ikasleenak, ekologistenak, arrazakeriaren aurkakoak... Greba aurreko giroa berotuz joan da asteazkena heldu artean. Badira bi aste sindikatuek bozgorailuen bolumena igo eta murrizketei erantzun bat emateko deia areagotu dutenetik.
TESTIGANTZAK
Isabel Arbonies
"Murrizketek hil egiten dute; genozidio bat eragin dute dagoeneko»
"Murrizketek hil egin dute". Hala mintzo da Isabel Arbonies, mendekotasuna duten pertsonen aldeko Nafarroako plataformako presidentea. Urtarrilean, Nafarroan dagoeneko izan zuten %39ko batez besteko jaitsiera laguntzetan, eta "zaila" zena "askoz gehiago" zailduko da zaintzaileentzako diru laguntzak %15 gutxitzen badituzte —hala iragarri du Espainiako Gobernuak, oraindik Nafarroako legedian aldaketa gauzatu ez bada ere—. Irailaren 1ean, 10.010 lagun zeuden Nafarroan etxeko zaintzarako laguntza ekonomikoa jasotzen edo zerbitzua baten onura hartzen. Baina, uztailaren 1etik irailera arte, bi hilabetean, laguntza jasotzen ari ziren 238 lagunek galdu egin dute, eta laguntzaren bat jasotzeko eskaerak ere apaldu egin dira urteko lehen seihilekotik aurrera. "Senideek ikusten dute laguntza eskatzera joan eta urtebete itxaron behar dutela, mailegu bat eskatu behar dutela egoitza ordaintzeko... Urtebete itxaron ezin duen jendea dago, eta, hori dena ez igarotzeagatik, erabakitzen dute beste era batera sakrifikatzea". Arboniesek azaldu duenez, gainera, 10.010 lagun horietatik gehienek lehen mailako mendekotasuna dute; hau da, arinena —60 eta 180 euro arteko laguntza jasotzen ari dira—. Beraz, sistema "gehien behar dutenetan" izaten ari da galerak.
Zaintzaileentzako laguntzak murriztea, ordea, ez da Arboniesek salatzen duen aldaketa bakarra. "Genozidio bat eragin dute dagoeneko; kalitatea kendu diete geratzen zaizkien urteei, eta helduak direnei urteak kenduko dizkiete". Haren arabera, dagoeneko nabaritzen da osasun sistemaren kalitatearen jaitsiera, eta zenbait botika ordaindu behar izateak botika guztiak ordaintzea esan nahi du mendekotasuna duten pertsona askorentzat, horiek behar dituzten botika asko laguntza gabe utzi baititu Espainiako Gobernuak. Mendekotasuna dutenak zaintzen dituztenen bizitza "oso mugatuta" dagoela gogorarazi du Arboniesek: "Dena utzi dugu, urte osoa lanean, egun guztia lanean. Ez noa pelikula bat ikustea ere".
Plataformaren bitartez, Nafarroako kasuen "alde kualitatiboa" ezagutu nahi dute orain, datuak mahai gainean dituztela. Kasuak entzuten dituzte, baina horien berri jakin nahi dute. Horretarako, telefono bidezko arreta zerbitzu bat martxan jartzeko asmoa dute, ordutegi batekin. Entzun dituzten kasuetako batzuk horretarako bultzada eman diete: "Uztailaren 27an hil zen lagun baten senideak zerbitzuari lotutako laguntza bat jasotzen ari ziren, eta abuztuan eskatu zieten uztailaren 27tik 31ra arteko egun horien kopurua itzultzeko. Ia 40 urtez senide bat zaintzen egon eta 100 euro inguru eskatuz gutun bat bidaltzeak erakusten du zein miserablea izan daitekeen".
Juanjo Ruiz
"Etorkizuna hiri merkataritzan dago, eta, horregatik, zaindu egin behar da"
BEZaren igoera heldu da Hego Euskal Herriko saltokietara. Oraindik denbora beharko da erosle eta saltzaileengan zenbateko eragina izan duen ikusteko, baina Tolosan (Gipuzkoa) dagoeneko ari dira eragina gutxitzeko ahaleginetan. 280 saltokik osatzen dute Tolosa & Co dendari elkartea, eta, Juanjo Ruiz lehendakariak azaldu duenez, zapatariek erabakia dute BEZaren igoera ez aplikatzea. Beste hainbat saltokitan ere atera dituzte BEZa ez dutela ezarriko dioten afixak. Ile apaindegi batzuetan, adibidez, igoera samurragoa izan dadin, erdira mugatzea erabaki dute —berez %8tik %21era da igoera—. Panorama grisaren artetik baikortasun izpi bat zabaldu du Ruizek. Salmentak bide onetik doazela dio, "zein egoeratan gauden kontuan hartuta". Hori erakusten du azken hamar urteetan Tolosan ireki eta itxi duten denda kopuruak: itxi baino denda bat gehiago ireki da. Saltoki horietan dauden langileen kopurua ere mantendu egin da, Ruizen arabera.
Bestetik, Espainiako Gobernuak merkealdien eta ordutegien liberalizazioaren inguruan zehaztutako neurriak nola gauzatuko zain daude. Merkealdi arautuak amaitu egingo dira, eta, beraz, aurrerantzean urte osoan egin ahal izango dira merkealdiak edo eskaintza bereziak. Gainera, jaiegun gehiagotan ireki ahal izango dira eta ireki beharko dute saltokiek. Baina erosleak herrian mantendu ahal izateko, hiri merkataritza bultzatzeko ahalegina behar du horrek atzean. Eskaintza bereziak egingo dituzte urritik aurrera, eta larunbat arratsaldeak dinamizatzeko jokoak, pailazoak, musika eta abar antolatuko dituzte: "Dendak irekita egoten dira, eta goizetan merkatura kanpotik jendea etortzen denez, goiza luzatzeko asmoarekin antolatzen dugu".
Aurrera begira, Ruizek ez du uste etorkizuna saltoki handietan dagoenik —gertu dituzte Lasarten edo Donostian, esaterako—: "Hemendik kanpora, ikusten ari gara saltoki handiak beheraldian daudela. Etorkizuna hiria berreskuratzea da, eta, horretarako, zaindu egin behar da". Herrian asmo bat dute: Tolosa irekitako merkataritza gune bihurtzea.
Manolo Martinez
"Europatik argi entzun dugu langile publikoak kaleratu behar direla"
Hezkuntza publikoko irakasleentzat ere murrizketak ez dira soilik duela bi hilabeteko kontua: bi urte dira soldatak izoztu eta jaitsierak izan dituztenetik. "Eguberrietako saria kenduko baligute, %5,6-%7ko galera izango litzateke soldatetan; guztira ia %10 galtzen ari gara: 2009an bezala kobratzen ari gara, eta bitartean prezioak igoz doaz", dio Manolo Martinez EILAS sindikatuko kideak. Nafarroan aurten Eguberrietako saria kenduko dietela baieztatu du gobernuak, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere hala gerta daiteke, Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailea horren aurka agertu bada ere: "Ezetz esan du gobernuan egongo den edo ez jakin gabe; hitz egitea libre da". Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren neurrien inguruan hartutako jarrera "zinikoa" salatu du Martinezek: "Gobernuak esaten duenean ez dituela aplikatuko azkeneko neurriak, ez du esaten bera izan zela horretan aitzindaria". Soldatak jaisteaz gain, beste hainbat arlotan ere jasan dituzte murrizketak orain arte. Garrantzitsuenen artean dago langile batek gaixo agiria hartu eta hurrengo egunean bertan ez ordezkatzea —Lehen Hezkuntzan bosgarren egunera arte ez dute ordezkatzen, eta Bigarren Hezkuntzan, ia hamargarren egunera arte —. Martinezek salatu du irakaskuntzako langile publikoen soldatan eta lan baldintzetan ez ezik eskaintzen duten zerbitzuan ere eragina dutela murrizketek. "Lan gehiago baldin badaukagu, denbora gutxiago dugu gauzak prestatzeko, eta, gainera, ordezkapenak beranduago betetzen badira, horrek guztiak eragin negatiboa du zerbitzuan". Etorkizunera begira ez du itxaropen handirik. Urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik aterako den gobernuak murrizketen bidetik jarraituko duela uste du, eta "beldur" da Madrildik zer hel daitekeen. "Europatik argi entzun dugu langile publikoak kaleratu behar direla".
Bakarne Lazkano
"Murrizketak egin ordez, erizaintzan baliabideak hobeto kudea daitezke"
"Kolapsatzen" ari da Osakidetzako osasun sistema. Bakarne Lazkano Satse sindikatuko kidearen arabera, soldatetan ez ezik, lan baldintzetan ere izan dituzte murrizketak, eta horrek "lana gehitzea eta egoera kaskartzea" ekarri du. Lazkanok dio orain arte larrialdietan pilatzen zela eri gehien, baina langileak gutxiago ordezkatzeari ekin ziotenetik, osasun etxeetan ere nabari dute jende gehiago artatu behar dutela langile gutxiagoren artean. Erizainak, medikuak, sendagileak... guztiak izaten ari dira kaltetuak. "Kate bat da: ikusten badute anbulatorioan ez dituztela artatzen, larrialdietara joaten dira gaixo asko, nahiz eta batzuetan ez den beharrezkoa".
Soldatei dagokienez, duela hiru urtetik hona %20ko jaitsiera izan dute. Lan baldintzak ere, tantaka-tantaka, baina murriztuz joan dira 2009tik: osagarrietan, erretiro eskubideetan, langile kopuruan, gaixoaldiak lehen bezala ez ordezkatuta, oporrak zenbaitetan ez ordezkatuta... Lazkanok argi du gobernuek doikuntzak egin behar dituztela, baina uste du osasunetik kendu aurretik beste hainbat arlotan egin beharko lituzketela: "Ikusten dugu gutxiago justifikatu gabeko gastuetan ez dutela murrizketarik egin. Errazena egin dute: gastu publikoan eta langile publikoetan esku hartu. Ken dezatela kendu behar den lekuetan". Lazkanoren ustetan, zerga iruzurraren aurkako borrokan jarri beharko lituzte indarrak Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, eta Espainiako Gobernuak agindutakoak aurrera ez atera.
Osasun arloan marrazten duen panorama "eskasa" da, oro har. Langileak jasaten ari diren murrizketekin batera, herritarrenak daude. Horiek ere zaildu egiten dute sistemaren funtzionamendua: "Botikak ordaintzearen ondorioz, zenbaitek horiek ez hartzeko arriskua dago; protesiak ere ordaindu behar dituzte...".
Murrizketak ez dira irtenbide bakarra. Lazkanok badu beste bat, egoera bideratzen lagundu dezakeena: erizaintza arloan dituzten baliabideak hobeto kudeatzea. Adibide bat aipatu du: "Ebakuntza gela eta eskaner asko goizez bakarrik egoten dira, eta arratsaldean ordaindu behar izaten da. Hori txanda desberdinetan jarriz gero, baliabide asko erabili eta amortizazio bat atera diezaiekete".
Lola Alzaga
"Kontsumitzaileentzat ona da gero eta beherapen gehiago izatea"
Kontsumitzaileak dagoeneko hasi dira BEZaren igoera nabaritzen. Irailaren 1etik aurrera, tasa murriztua %8tik %10era igo da, eta arrunta, berriz, %18tik %21era. Igo zenetik hilabete igaro ez bada ere, eragina izan du zenbait produkturen erosketan. Lola Alzaga Gipuzkoako Kontsumitzaileen Batasuneko kideak dioenez, orain arte gehien nabaritu dutenetako batzuk haurrentzako eskola materiala erosi dutenak izan dira. Dena dela, igoera horrek bat-batean ez harrapatzeko askok erosketak aurreratu dituztela azaldu du. Gehien, ordea, argiaren eta gasaren fakturan nabarituko da, Alzagaren ustez. "Ez dugu ahaztu behar uztailean argiaren igoera bat izan zela, eta apirilean beste bat».
Oinarrizko janariari ezarritako tasak bere horretan jarraitzen du —%4—; tasa gehien igo den arloetako bat ile apaindegiena izan da —%8tik %21era—. Azken hori, hala ere, ez da «oinarrizko zerbitzu bat", eta, horregatik, Alzagak iritzi dio kontsumitzaileentzat posible dela horretan gastua murriztu eta soilik "noizean behin" joatea. BEZaren igoerari herritar guztiek igarriko diotela salatu du, gobernuak erabaki horrekin ez dituelako bereizi soldata handiagoa edo txikiagoa dutenak.
Ordutegiak liberalizatu eta merkealdi arautuak bertan behera uztearen alde agertu da kontsumitzaileen batasuna. Alzagak dio merkatuan lehiakortasun handiagoa egoteak prezio hobeak ekarriko dituela erosleentzat. "Kontsumitzaileentzat ona izango da gero eta beherapen gehiago izatea, betiere kalitate gutxiko produktuak ez badira". Hala ere, Alzagak ohartarazi du dagoeneko merkealditik haratago saltokiek badutela eskaintza bereziak egiteko aukera, betiere zehaztutako baldintzak betez.
Zer egin igoera ahalik eta gutxien nabaritu dadin? «BEZaren igoeran ez dago egiteko ezer; aukera bakarra onartzea da», adierazi du Alzagak. Dena den, badu aholku bat edo beste, batik bat energiaren gastuari dagokionez: argiak piztuta uztearekin kontuz ibili, kontsumo baxuko bonbillak erabili, etxea isolatu energia gutxiago kontsumitzeko...
Jose Manuel Gato
"Asko jaitsi dira lan eskaintzak, eta lehen zaila bazen, orain are zailagoa"
"Egunero» ateratzen dira lan bila Barakaldoko Langabeen Asanbladako kideak (Bizkaia). Ia egunero, ordea, bat ere gabe itzuli behar izaten dute etxera. Jose Manuel Gato Romero kideak dio mobilizatu arren azkenaldian oso lanpostu gutxi lortu dituztela, "ez dagoelako lanik". Gaur egun, 70 kide dira taldean, eta horietatik bakarrik hamar daude lanean. Gatoren arabera, 2010. urtean baziren 20 edo 25 enplegatu. "Geroztik asko jaitsi dira eskaintzak, eta lehen zaila bazen, orain murrizketekin are zailagoa da".
Eraikuntza sektorean izandako jaitsiera bereziki nabaritu dute, gehienak arlo horretan lan egiten baitzuten lehen. Lan gutxi egoteaz gain, dagoen gehiena atzerritarrei ematen dietela salatu du Gatok. Euren kasuan, gainera, gehienek 40-45 urte dituzte, eta kontratatzeko orduan horrek "zailtasun gehiago" dakartzala uste du Gatok. Egoera horretan ingurukoen laguntza "ezinbestekoa" da. "Supermerkatu batean janaria eta abar ematen dizkigute batzuetan, laguntza gisa", gaineratu du.
Krisiaren kudeaketan Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza dena "gaizki" egiten ari direla uste du: "Gehien dutenei kendu beharko liekete; murrizketa guztiak txiroenengana joaten ari dira". Irailaren 26an murrizketen aurka kalera irtengo dira Langabeen Asanblako kideak, eta horren ondotik ere mobilizazioetan jarraitzeko asmoa dute, garrantzitsuena albora utzi gabe: lana aurkitzea.