Sektore publiko nahiz pribatuko langile guztiak grebara deitu dituzte gaurko Italian, gobernuko alderdiak (PDk) martxan jarri asmo dituen neurrien kontra —gehienak lan merkatuari lotutakoak—. Manifestazioak izan dira goizean, eta tren eta autobus zerbitzuetan atzerapenak izaten ari dira. Erroman, esaterako, metroaren hiru linea itxi dituzte.
Oro har, 54 manifestazio antolatu dituzte egun osorako. Goizetik hasita, zortzi ordu inguru iraungo du lanuzteak; hala ere, hiri bakoitzak bere ordutegia ezarri du grebarako. Erroman, adibidez, 09:00etatik 16:00etara izango da garraio zerbitzu publikoan; Milanen, 09:00etatik 19:00etara.
Lehen greba deialdia da Matteo Renzi lehen ministro denetik. Haren gobernuaren lan erreforma dago, hain justu, protesten erdigunean. Renziren arabera, kontratazioa sustatuko du erreforma horrek; langile ugari eta alderdi barruko hainbat kide, ordea, kontra agertu dira.
CGIL sindikatuaren arabera, esaterako, enplegurako eta egonkortasunerako legeek ez dituzte biltzen "ekonomia eta lana suspertzeko neurriak". Susanna Camusso sindikatuko ordezkaria Turinen egindako manifestazioan izan da, eta, salatu duenez, Italiak duen "larrialdia" enplegua da: "Lana egoteko politikak egon behar dira, baina ezin da edonolako lana izan, eskubiderik eta profesionaltasunik gabea".