Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak eragozpenak jarri zizkion atzo gauean Burlatan hilaren 26ko greba orokorraren aldeko martxa bati. Parte hartzaileek kanpaldi bat egin nahi zuten han, baina ordezkaritzak debekatu egin zien hasiera batean. Ondoren, ordea, utzi zien egiten, baina ez hogei lagunekoa edo gehiagokoa, abisatu gabeko mobilizazio batean horrenbeste lagunek edo gehiagok ezin dutelako egon araudiaren arabera. Hemeretzi laguneko kanpaldia egin zuten.
Ordezkaritzak Espainiako Polizia bidali zuen Burlatara, araudia bete zedin. Kanpaldiko kideak identifikatu egin zituen, eta hara inguratutako burlatarrak bidali —baita haietako bat ordubete baterako polizia etxera eraman ere, soinean nortasun agiria ez zuela eta—.
Martxaren antolatzaileek esan dute abisatu zutela Burlatako mobilizazioa egitekoak zirela. LABek UPNren eta PPren jarrera salatu du.
Grebaren aldeko martxa Noainera iritsiko da gaur, 18:30ean.
ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek eta gizarte eragile batzuek murrizketen aurkako lanuzte orokorrera deitua dute Hego Euskal Herrirako bihar zortzirako.