Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta ezker abertzaleak ostegunerako greba orokor deialdiarekin bat egiten dutela berretsi dute gaur, eta gizarteari "kalera irteteko" deia egin diote. "Greba orokorraren arrakastak min emango die", gaineratu dute Espainiako Gobernuari erreferentzia eginez.
"Esaten ari direna esaten ari direla, ez da egia kalera irteteak ez duela ezertarako balio", azaldu dute lau alderdietako kideek Bilbon egindako agerraldian. Han izan dira Unai Ziarreta (EA), Amaia Agirresarobe (Alternatiba), Niko Moreno (ezker abertzalea) eta Dani Maeztu (Aralar).
Horien arabera, "nahikoa eta gehiegi arrazoi" daude lan erreformaren aurka kalera ateratzeko. Murrizketek "langabezia gehiago, desberdintasunak eta pobrezia" sortu dituztela salatu dute.
Bestetik, lau alderdiek burujabetasuna aldarrikatu dute krisi egoerari aurre egiteko bide gisa. "Krisi hau eta Madrildik proposatzen zaizkigun errezetak eraso bat dira gure burujabetasunari", azaldu dute.
Horrekin batera, Euskal Herriak "lan harremanetarako arlo propio bat" ez duela deitoratu dute lau alderdiek.