ekoNOMIA

Gregorio Rojok Vital Kutxako presidente izateari utzi dio

Arabako Auzitegiak baliogabetu egin du hura berriro herrialdeko aurrezki kutxako buru izendatu zuteneko erabakia; "2004an agortu zitzaion berriro presidente izateko aukera". Rojok berak jakinarazi die gaur Administrazio Kontseiluko kideei postua laga duela. Iñaki Gerenabarrenak hartu du kargua behin-behinean.

2010eko uztailaren 1a
22:53
Entzun
Gregorio Rojok Vital Kutxako presidente izateari utzi egin diola jakinarazi die gaur Arabako aurrezki kutxako Administrazio Kontseiluko kideei. Arabako Auzitegiak bera berriro presidente izendatu zuteneko erabakia baliogabetu duela-eta hartu du erabaki hori Rojok. PPk sartu zuen helegitea.

Auzitegiaren arabera, "Rojori 2004an agortu zitzaion berriro presidente izateko aukera". Hamalau urte egin ditu karguan, eta auzitegiak dio muga hamabikoa dela. PSE-EEk eta EAJk akordioa lortuta iritsi zen postura.

Gaur atera du epaia auzitegiak eta, oraingoz behintzat, Rojok ez du helegiterik sartzeko asmorik, eta bihar prentsaurrekoa ematekoa da.

"Erakundearen onerako hartu du neurria", dio Vital Kutxaren oharrak. "Badaki prozesu honekin aurrera joanez gero, Vitalen kalterako litzatekeela".

Alfredo Bruno Otxoa eta Alfredo de Miguel Administrazio Kontseiluko kide izendatzea ere utzi du baliorik gabe Arabako Auzitegiak.

Iñaki Gerenabarrena Vitaleko lehen presidenteorde eta EAJren Araba Buru Batzarreko lehendakariak hartu du aurrezki kutxako presidente kargua behin-behinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.