Grezia gutxiko arriskuak

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Arrisku gainsariak finantza aktibo guztietan daude. Asko edo gutxi, inbertsiogileek gutxieneko etekin bat eskatzen diete, arriskurik gabeko errentagarritasunaren gainetik. Grezia eta haren arazo larriak direla medio, gainontzeko aktiboen gainsariak ere igotzen ari dira. Grezia gutxiko aktiboei ere kalte egiten diela, alegia, Eurogunearen barneko arazo zehatz batek. Dolarrarekiko 1,34ko maila galdu du euroak. Izan ere, hamar urterako zorrari %8tik gorako ordaina eman behar izateak grazia gutxi du. Greziaren kasu horrek %2ko danbatekoa eragin zuen Ibex 35ean (-%2,13), 2.232 milioiren salerosketarekin. Iberiak (+%0,39) aire garraioaren normaltzea ospatu zuen; gainontzeko 34 akzioetan, ordea, gainsari hazkorren eragina sumatu zen; nahiz eta, orohar, zuzenean euren jardunak zerikusi hagitz ttipia duen Greziarekin. AEBetako indizeek, aldiz, ezaxola egin zieten Europa zaharreko berrioi, mozkin berriei begira.



Proglio. FCCko (-%3,84) kontseilukide bihurtuko da hurrengo akziodunen batzarrean EDFko (-%0,91) buru, Henri Proglio. Veolian (-%1,17) arduradun zen garaitik Espainiako zerbitzu eta eraikuntza enpresaren ezagutza sakona du Progliok. Nicolas Redondo Terreros, Marcelino Oreja edota Esther Koplowitz izango ditu, besteak beste, kontseilukide. Euskal Herrian eraikuntzaz gain, alor anitzetan jarduten da: Zabalgarbiren %30 berea du, Bilbo edo Gasteiz hirietan zabor bilketaz arduratzen da eta Portland Valderribas porlan egilearen jabe ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.