Grezia mugaren mugan dago berriz ere. Ez dauka dirurik martxoko zorrak ordaintzeko, eta bigarren erreskatea jaso ahal izateko, murrizketa mingarriak onartzera behartu nahi dute Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak —troika deritzote—.Lukas Papademos lehen ministroak, teknokrata bera, ez dauka zalantzarik; behin-behineko gobernuko alderdiek (Pasok, Nea Dimokratia eta Laos), berriz, zalantza batzuk dituzte, murrizketek atzeraldia gogortuko dutelako eta murrizketak apirileko hauteskundeetan ordainduko dituztelako. Herenegun zen murrizketak onartzeko azken bilera, baina atzeratuz joan dira. Gaurkoa da kale edo bale egiteko eguna. Oinarrizko puntuetan bat datoz.
«Edozer gauza gertatuta ere, greziarrak pobreziara kondenatuta gaude, eta herrialde batek ezin du hori jasan», esan du Yannis Panagopulosek, GSEE sindikatuko presidenteak. Greba orokorrera deitu dute gaur.
1. Zer ari dira negoziatzen Grezian?
Hiru negoziazio egiten ari dira aldi berean: alde batetik, Greziako koalizio gobernua osatzen duten alderdien artekoa, troikak ezarritako murrizketak onartzen dituzten edo ez; bestetik, gobernuaren eta troikaren artekoa, murrizketez eta Greziak jaso beharreko laguntzaz; eta, horietaz gain, gobernuaren eta bere zorraren hartzekodun pribatuen artekoa, zorra barkatzeaz.
2. Zer egoeratan daude?
Gaizki. Herenegun amaitu zen troikak gobernuari murrizketei buruz akordioa lortzeko emandako epea, baina gobernuko alderdien artean ez dute akordiorik lortu, eta berriro bilduko dira gaur.Alderdien arteko akordioa ezinbesteko baldintza da troikak bigarren erreskatea baimentzeko. Gobernuaren eta hartzekodun pribatuen arteko negoziazioak ere asko luzatzen ari dira, bankuek Greziari zor publikoaren %50 gutxienez barkatzeko (100.000 milioi euro inguru). Akordioa lortzeko gutxi falata zaie. Ezinbestekoa da bigarren erreskatea (130.000 milioi euro) jaso ahal izateko.
Greziari jasan dezakeen baino «atzeraldi handiagoa» eskatzen ari zaizkiola uste du Antonis Samaras-ek, Nea Dimokratia alderdiko buruak. Herrialdearen egoera asko okertu da krisia hasi zenetik: langabezia %20ra iritsi da, soldatak %25 apaldu dira bi urtean eta prezioak %10 garestitu. Kontsumoa asko jaitsi da, eta 60.000 denda itxi dituzte. 20.000-25.000 greziar bizi dira kalean.
3. Zer murrizketa exijitzen dizkiote?
Murrizketa gogorrak: gutxieneko soldata 751 eurotik (soldata gordina) 600 eurora jaistea, pentsio osagarriak %35, aparteko bi lansariak kentzea eta gastu publikoa beste 4.400 milioi euro murriztea. Besteak beste, 1.000 milioi euro osasun zerbitzuetan eta 400 milioi euro gastu militarrean.
Gastu publikoa murrizteko neurrien artean funtzionarioak kaleratzea dago. Gobernuak eta troikak aurten 15.000 funtzionario kaleratzea hitzartu dute. 150.000 kaleratu behar ditu 2015 bitartean, ia bost funtzionariotik bat.
4. Greziak presa al dauka?
Bai. 14.500 milioi euro bueltatu behar ditu martxoaren 20an, eta ez dauka horretarako dirurik. Diru hori jasotzeko, bigarren erreskatea abian jartzea beharko luke. Horretarako prozesu administratiboa korapilatsua da.
Greziaz gain, Europako Batzordeak, EBZk eta NDFk ere presa daukate. Apirilean hauteskundeak egingo dituzte Grezian, eta guztia lotuta utzi nahi dute ordurako.
5. Zer diote Europako agintariek Greziaz?
Grezia estutzen ari dira, murrizketak onar ditzan. «Denbora bukatzen ari da», Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren iritziz. «Greziaren egoera behingoz konpondu egin behar da», Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen esanetan. Bientzat ezinbestekoa da Greziak agindutako murrizketak onartzea eta indarrera jartzea, bigarren erreskatea jaso ahal izateko.
Sarkozyk eta Merkelek bilera egin zuten atzo, Parisen. Bileraren ostean bien arteko elkarlanaren emaitzak goraipatu zituzten. Frantziak eta Alemaniak hainbat arlotako politikak bateratzeko asmoa dute: sozietate zerga, lan politikak, hezkuntza...
Atzoko ekitaldiak bestelako interpretazio politiko batzuk ere baditu. Merkelek bere babesa eman zion Sarkozyri, apirileko hauteskundeen aurretik.
Amadeu Altafaj Europako Batzordeko bozeramailearentzat, «normala» baino ez da Greziak bere diru kontuak txukuntzea eta hitzartutakoa betetzea Europaren «elkartasunaren truke». «Kasu gehienetan», Altafajen arabera, kontua ez da neurri gehiago ezartzea, daudenak indartzea edo indarrean jartzea baizik, «batzuk oraindik ez baititu indarrean jarri ere egin». Pribatizazioekin ere agindutakoa baino diru gutxiago lortu du.
6. Eta Greziako sindikatuek?
Greba orokorra antolatu dute gaurko GSEE eta Adedy sindikatuek, murrizketa neurrien kontra. GSEE da sektore pribatuko sindikatu nagusia, eta Adedy sektore publikokoa. 11:00etan manifestazio handi bat egingo dute Atenasko Sintagma plazaraino.
Greziako sindikatuek Europakoen babesa dute. Haientzat «onartezina»da Grezian gutxieneko soldata murriztea. Bernadette Segol Europako Sindikatuen Konfederazioko (CES) idazkari nagusiaren iritziz, erabakiak «desegin» egingo lituzke negoziazio kolektiboak, eta «urratu» egingo lituzke Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT) hitzarmenak.
7. Eta akordiorik gabe, zer gertatuko da?
Greziak ez luke dirurik izango martxoaren 20an hartzekodunei ordaintzeko, porrot egingo luke. Ondorioz, eurogunetik atera beharko luke. Porrotaren uhinak eurogune osora zabalduko lirateke, baina horrek batez ere Portugali, Italiari eta Espainiari egingo lieke kalte.
Grezia, kale edo bale egitear
Papademosek eta alderdiek funtsezko bilera bat egingo dute gaur, murrizketak onartzeko eta bigarren erreskatea abian jarri ahal izatekoSindikatuek greba orokorra antolatu dute, murrizketek pobrezia handituko dutelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu