Negoziazioa luzeak izan dira azken asteotan Grezian, Atenasko gobernuaren eta troikaren artean batetik, eta gobernua osatzen duten hiru alderdien artean bestetik. ""Hobekuntza nabariak" lortu dituztela ziurtatu du Samarasek. Joan den astean ere akordioa bazegoela zabaldu zuen Atenasko gobernuak, baina puntu batzuk lotzeke zeudela erantzun zuten troikako ordezkariek. Gainera, Atenasko hiru koaliziokideetatik bik, zentro-ezkerroko Pasokek eta Dimarrek, lan merkatua gehiago malgutzeko zenbait neurri arbuiatu zituzten. AMNA berri agentziak zabaldu duenez, troikak igandean itxi zuen eztabaida, Lan Ministeriora igorritako mezu elektroniko baten bidez.
Akordioa Greziako Parlamentura joango da orain, eta ikusteke dago onartuko ote duten, Dimarrek iragarri baitu lan erreformaren puntu batzuen aurka dagoela. Horregatik, eskatu du erreformak eta murrizketak banaka bozkatzea, batzuen alde eta besteen aurka azaldu ahal izateko. Pasoken aldetik ez da eragozpenik izango. "Neurri sorta batera onartu beharko dugu", esan du haren buruzagi Evangelos Venizelosek. Giannis Sturnaras Finantza ministroak baztertu egin du puntukako bozketa egitea.
Troikarekin hitzartutako 89 neurrien berri bihar jakingo da, horietan oinarritutako aurrekontu proiektua Legebiltzarrera iristen denean. Baina sakrifizio handiak eskatuko dizkie azken bizpahiru urteotan gerrikoa estutu besterik egin ez duten greziarrei. Botikaren gogortasuna ikusita, Samaras hitz potoloak aukeratu ditu parlamentariei beldurra sartzeko, eta koalizioko kideen boto diziplina ziurtatzeko: «Zer gertatuko litzateke akordioa pasatuko ez balitz eta herria kaosera joango balitz? Arrisku horiek eragotzi behar dira. Hori da alderdi bakoitzaren eta diputatu bakoitzaren erantzukizuna».